Euskal Herri osoko motorzaleak bildu nahi dituen iniziatiba aurkeztu zuen larunbatean Irungo Gure Esku Dago-k. 2018rako motorrak berotzen izenburupean, proposamen originala eta berritzailea : erabakitzeko eskubidearen aldeko lehen moto irteera antolatu dute maiatzaren 21erako.
Agerraldian azaldu dutenez, herriko motorzale talde batek proposatuta hasi ziren moto irteera antolatzen, eta Irungo motorzaleei ez ezik, Euskal Herri osoko motorzaleei luzatu diete parte hartzeko gonbidapena.
Zehaztu dutenez, maiatzaren 21ean, Irungo Urdanibia plazatik abiatuko dira motoak, 10:00etan, eta bi ordu lehenagotik han bertan akreditatzeko aukera izango dela aurreratu dute. Motoak, Bidasoa, Bortziriak eta Oarsoaldea zeharkatuko dituzte, eta ibilbidean zehar, zenbait herrietan, hainbat jarduera antolatuko dituztela aurreratu dute.