Hondarribiko mendiak basoberritzeko helburuarekin duela bi hamarkada luze Gregorio Berrotaran Landa Garapeneko zinegotzia zenak abian jarritako “Zuhaitzaren Eguna” ekimena ospatuko dute bihar Hondarribian. 21 urtetan 3.500ndik gora arbola landatu dituzte honi esker. Baina ekimen sinbolikoa ere baden heinean, aurten 122 zuhaitza landatuko dituzte, 2016. urtean mundura sortutako hondarribiarren gurasoek beraiek. San Telmo inguruetan izango da ekitaldia, larunbatean goizeko 11:00etan. Eta Kalixa Silanes, egungo Landa Garapenerako ordezkariak esplikatu digunez, Jaizkibel eremu babestuak behartzen dituen baldintzetan landatuko dituzte, baso txiki modura. 2010ean jaiotako 240 bat hondarribiarrek makil bana jasoko dute eguerditan beraz, ekitaldi berean. Gregorio Berrotaranek eskuz egiten zituelarik, haren Artzuko senideek hartu zuten lekukoa, baita, urtez-urte mantendu ere usadioari jarraitzeko xedez.
Irunen, aldiz, aurten aurreneko aldiz, ez dute zuhaitzarik landatuko. 13. urtez San Martzialen, Siutzen edota Erlaitzen antzeko ekimena ospatu ondotik, aurten basoberritzeari uko egin dio Udalak, landaketarako lursail egokirik ez duela argudiatuz.
Halere, maiatzaren 13an udaletxeko arkupeetan, iaz jaiotako 352 haurrei, gorosti bana empango zaie, ipuin pertsonalizatu banarekin. Ekimenean izena emateko azken epea, martxoaren 31n dela ohartarazi du Udalak.