Egurrezko etxebizitzen eraikuntzan erreferente da Hondarribia

Antxeta Irratia 2017ko mar. 29a, 00:00

Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko Muliaten eraikitzen ari den 65 etxebizitza publikoko promozioa, Europa hego-mendebaldeko egurrezko eraikin handiena da.

Hala nabarmendu du Iñaki Arriola, Etxebizitza Sailburuak eraikuntza lanetara egindako bisitan. Europako Iparraldean aski hedatuak diren eraikuntza jasangarrien irizpideak segituz, erreferentzia bilakatu da Hondarribikoa.

Euskal Herriko basoetatik jasotako eta bertan ekoiztutako egurra izanik, ingurumenaren aldekoa ez ezik, ekonomia zirkuitu laburraren aldeko parioa dela dio Eusko Jaurlaritzak. Arkitekto arduradunak esplikatu duenez, teknologikoki aurreratua, ingurumenari dagokionean iraunkorra den eraikuntza izateaz gain, egurra zarata eta hotz zein beroarendako isolamendu materialik onenetarikoa da. Horri gehitu dizkioten beste zenbait neurriei esker, bizitoki hauen energia kontsumoa oso urria izanen da, zerotik hurbil, ohiko porlan eta burnizko eraikuntzetan eman ohi den “Faraday Kutxa” efektua sahiestuko du.

Canadako Vancouver hirian, eredu beretsua jarraituz eraikitzen ari diren Columbia Unibertsitateko ikasleentzako egoitzaren artean lankidetzan ari dira. Bi eraikin hauen emaitzak aztertu, eta teknika hobetzeko xedea dute.

Mementukotz, Eusko Jaurlaritzak eredu jasangarri honetan eraikitako aurreneko eraikuntza da. Baina etxebizitza publikoetan zein pribatuetan ere hedatu daitekeelakoan dira. Izan ere, eraikuntza materiala karioagoa bada ere, eraikuntza epeak laburragoak dira, aurrezki bat ekarriz. Hondarribikoaren kasuan, ohikoak baino 4 hilabete guttiago beharko dituzte eraikuntza hutsetik hasi, jabeei giltzak eman arte.

Kontuan hartu behar da, alokairu 33 etxebizitza horietatik 15 Udalari entregatuko dizkiola Eusko Jaurlaritzak, lursailen konpentsazio gisa. Eta Udalak zozkatuko dituela. Txomin Sagarzazu alkatea eskertua agertu da jaurlaritzak egindako apostuagatik, gogora ekarri du halere, proiektua ez dela egun batetik bestera Hondarribian erori. Aitor Kerejeta alkate zeneko garaietan negoziatu eta adostutakoaren emaitza baita. Alkatea bera eta Iñaki Arriolaren, Etxebizitza Sailburuaren hitzak bildu ditugu