Abotsanitz udal taldea kezkaturik agertu da, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailean plazaratu duen Hondarribiko Udalaren 2014. urteko kontuen fiskalizazio txostenagatik. Honek ordainketa, kontratazio eta justifikatu gabeko diru-laguntzetan, zenbait irregulartasun atzeman baititu. Hala eta guztiz ere, urte hartan 7 milioi euroko superabita izan zuela, eta Udalaren egoera ekonomikoa Euskal Autonomi Erkidegoko udalerrien artean onenetarikoa dela argi utzi du kontuen euskal epaitegiak ere. Zentzu honetan, superabita handia izateak, ez duela zergatik kudeaketa onaren seinale izan behar nabarmendu du Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaleak. Kontu Epaitegiak atzemanadako irregulartasunei dagokienez, 2014. urteko txostena mardula da. Baina badira aurreko Udal Gobernuak egin zenbait irregulartasun larritzat jo dituenak. Hirigintza Plan Orokorraren kasuan, hasieran esleitu ez ziren hainbat gastu onartu egin zizkion Udalak kontrataturiko enpresari 2014. urtean, eta aurreikusitako gastua %76 igo zela ordurako. Oroitarazi behar da, oraindik ere HAPOa ez dela aurrera atera. Hondartza kiroldegia kudeatzen duen Kirolzer sozietateak bere partetik, justifikatu gabeko 47.500 euro jaso zituen kiroldegian hobekuntzak egiteko. Aldi berean, enpresak pliegoen baitan urte hartako 250.000 euroko kanona ez zuenean pagatu. Hondarribia Blues Festibalari buruz ere, non 180.000 euroko laguntza emana zuen Udalak, eta elkarte bati zuzenduta izan beharrean, legezkoa den bezala, pertsona fisiko bati emandako laguntza dela salatzen du epaitegiak. Eta Abotsanitzen arabera, larriena da, epaitegiak Udalaren langilegoaren kontratazioari buruzkoa. Langileen beharra dagoenean, eta jubilazioak ordezkatzen ez diren bitartean, 2014. urtean aldi baterako 92 kontratazio egin zituen Udalak, iraungitako lan poltsetatik hartutako pertsonak hartuz. Abotsanitzek hauek eta beste kontu batzuk lehenbailehen argitzea ezinbestekotzat jotzen du. Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramalearekin hitz egin dugu