Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako auzia, maiatzaren 3an hasiko dela jakitera eman dute gazteek

Antxeta Irratia 2017ko mar. 24a, 00:00

2016ko ekainaren 11n ireki zituen ateak Hendaiako Sasiko Gaztetxeak, Pariseko Ospitaleen jabetzakoa den urtetan utzitako eraikina okupatu eta gero. Gaztetxe baten beharra frogatu dutelakoan dira gazteak. Etxea goitik behera txukundu eta hobetu dute hilabeteotan. Kanpoan sasiak moztu, lurra irauli, baratze bat sortu dute eta aurrera eraman ere.

Barruan gelei hainbat erabilera emateko atondu dituzte. Musika taldeentzat entsaio-gela bat sortu dute, kontzertu gela eta bilera gela bat ere. Eta 9 hilabeteotan bertan egindako ekimenen zerrenda luzea da. Kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak.. hainbat elkarte eta pertsona bildu ditu gaztetxeak. Eta orain proiektua bukatzeko arriskuan dagoela salatu nahi izan dute gazteek. Izan ere, etxearen jabea den Pariseko Ospitaleak enpresak haien aurkako salaketa jarri eta prozedura judiziala hasi zuen urrian, eta iada epaiketa eguna markatu dute, maiatzaren 3an hasiko da Baionako epaitegian haiek bertatik kanporatzeko auzia.

Gaztetxearekin bat egin, eta deia luzatu dute maiatzaren 3an bertan Baionako Epaitegian egingo den elgarretaratzean parte hartzeko.