Gipuzkoako Foru Aldundiak lidergoa hartuta, Higer farola edo itsas-argira doan errepidearen sendotzeko, eta mendi magalaren egonkortzeko lanak ere, albiste bilakatu dira. Aurten bertan martxan jarriko baitituzte lan horiek. Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du proiektuaren lidergoa, bultzada bat eman nahian. Eta urtetan ez atzera, ez aurrera, egin ez duen proiektua gauzatu, eta Interlimen eta Lurgorriko bizilagunei aspalditik eskatzen duten soluzioa emango zaie.
Txomin Sagarzazu alkateak esplikatu duenez, lau administrazioen eskuduntzak jokoan sartzen diren eremua izanik, zaila izan da aurrera egitea. Hondarribiko Udalak 700.000 euro erreserbatuak ditu iada, lan hauetara bideratzeko, eta azken hilabeteetan izandako bilkurei esker, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak ere, euren aurrekontuetan partida bat onartu dute proiektu honetarako. Orain, administrazioen arteko hitzarmena izenpetzea geratzen da, zehazteko bakoitzak egin beharreko ekarpen ekonomikoa. Apirilaren 5eko bilkura horretan izenpetu dezakete. Eta Aintzane Oiarbide diputatuak argi utzi du 15 egunen buruan proiektua aurkeztuko dutela, ia ia egina baitago.