Amuteko biribilgunearen obrari buruzko xehetasunak ematera hurbildu zen atzo Hondarribira, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretarako diputatua. Martxoaren 14an proiektua onartu eta irailaren erdialdera hasiko dituzten lanak izanki, urte luzeetan atzeratzen joan den behar bati erantzungo diola nabarmendu zuen foru diputatuak. Egun semaforo bidez kudeatzen den N-638 eta Gipuzkoa 2134 errepideen Jaitzubia-Amute arteko bidegurutzearen trafikoa arintzeare beharra. 715.700 euroko inbertsioa egingo dute proiektu honekin, egunean 25.000 eta udako egun nagusietan 35.000 ibilgailu arte jasotzen dituen bidegurutze honek zirkulazioa bideratzeko dituen zailtasunei aterabidea emango die. Zazpi proiektu tekniko ezberdin aztertu dituzte, eta azkenik, Ospitaleko biribilgunearen antzekoa, bi erraileko 50 metroko kanpoko diametroa izango duen biribilgunea eginen dute. Nolanahi ere, obrek bere konplikazioa dutela esplikatu digu Mikel Urietxebarria, Aldundiko Plangintza eta Kudeaketako Zuzendariak. Bestalde, Gipuzkoako PTSak aurreikusten duen bidegorria aintzat hartuko dute. Eta biribilgunearekin trafikoa arintzeaz gain, gaur egun egiterik ez dagoen desplazamendu bat ahalbidetuko dute. Mendeluko Amutaldeko errepidetik Hondarribirako norantzan joaten garela, biribilgunea hartu eta Jaitzubirako norantza hartu ahal izatea.