Uda prestatzen ari dira Irunen, eta Irrisarri Land-en ospatzen diren udalekuetan izen emateko epea atzo zabaldu zuen Udalak. 2001 eta 2009 urteen bitartean, jaiotako umeek eta gazteek parte hartzeko aukera edukiko dute, betiere Irunen erroldatuak baldin badaude. Josune Gomez, Gazteria zinegotziak oroitarazi digu udaleku abenturak direla, eta iazko aurreneko esperientziak arrakasta lortu zuela. Fitxa bakoitzeko 3 izen-emate onartuko dituzte, anai-arrebak zein lagunak izan, betiere txanda, adin eta hizkuntza berekoak baldin badira. Guztira 270 plaza eskainiko dituzte, 6 txandatan banatuak, uztailaren 3tik abuztuaren 8a bitartean, astebeteko egonaldiekin. Zozketarako aurre izen-emateak, ostiralean itxiko dituzte, eta izena-emateko telefonoz 010 zenbakira deituz egin daitezke goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara edota www.irun.org webgunean.