Asteburuan bere 20. urtemuga jaia Ficoban ospatu eta sortzaileak omendu ondotik, 20. Korrika prestatzen hasiko dira irundarrak ere. Joan den astean Hondarribiko Korrikaren ibilbidea antolatzeko lehendabiziko bilkura egin zuten. Eta Irunen, AEK-k lehen Korrika batzordera joateko deitu ditu hiritarrak: batzordea hilaren 16an (osteguna) izango da, 19:00etan hasita. Legia kalean dago euskaltegia, 6. zenbakian. Deialdia irekia da, Korrikarekin bat egin nahi duten norbanako, talde edo eragileei zabalik.Anartean, joan den larunbateko egunak emandakoa aipatu beharra dugu ere. Ehunka Korrikazale bildu baitziren Ficoban, 20. Ekitaldiaren urtemuga ospatzeko. Animazio hainbat, giro ederra, bazkari jendetsua eta hastapeneko Korrikaren sortzaileei omenaldia ere egin zuten.
Korrikaren familia handia da, eta Euskal Herria bezain zabala. Baina gutxi batzuen ideia zoragarri bezain eroa izan zen hartatik abiatu zen 1980. Urteko aurreneko Korrikarekin. Garai hartan antolatzaile lanetan ibili zen Xan Goenaga Iparraldeko ibilbidean. Eta hargatik, larunbatean omenduetako bat izan zen. Jose Luis Aizpuru lankidea izan zen Ficoban. Eta Mertxe Mujika, AEKko buruetako batekin mintzatu zen, omenaldiaz, eta 20. Korrikari buruz ere. Baita noski, Xan Goenagarekin ere.