Ipar Euskal Herriko TAFTA Stop eta Hego Euskal Herriko TTIP/CETA Ez mugimenduek antolatuta, hilaren 21ean, larunbatarekin, giza katea egingo dute Hendaia eta Irun artean TTIP eta CETA itun transnazionalak salatzeko. Ikusteko dago zer gertatuko den TTIP itunarekin, baina Europako Batasuna eta Kanadak CETA itunaren akordioa sinatu ondoren, otsailean Europako Parlamentuak berretsi beharko du. Horren harira, urtarrilean zehar, hainbat ekintza egingo dituzte itun hori geldiaraztea eskatzeko.
Irun eta Hendaia lotuko dituen giza katea 16:30ean izango da, urtarrilaren 21ean, Santiago zubian. Gogoan hartu behar da, zentzu honetan, Hendaiako Herriko Etxeak iaz TAFTA akordio horren kontrako herria izendatu zuela bere burua ofizialki. Ipar Euskal Herriko 20 herriko etxe dira, ofizialki, TAFTAren kontra agertu direnak. Hendaia izan zen bide hori idekitzen lehendabizikoa, eta eskoletako kantinetan, adibidez, lehentasuna ematen die tokiko ekoizleen produktuei. Iker Elizalde, Hendaiako auzapezordearen erranetan, TAFTA akordioa inposatzekotan, Herriko Etxeei multinazionalen alde egitera behartuko die kantina bezalako zerbitzu xumeetan ere Ipar Euskal Herriko 20 herriko etxek egin duten bezala, TAFTAren aurka agertzera gonbidatu ditu gainerakoak ere.