Gaur Hegoalden usadio duten legez, Ekialdeko Errege Magoen morroiak iritsiko dira gure eskualdera haurren eskutitzak jasotzera. Eta ostegunean, Errege Magoen etorrera ospatuko dute herriz-herri kabalkadarekin.
Irunen, BAF 7301 Trenaren Lagunen Elkartearekin, Irungo Atsegiña Kultur Elkartearekin, Santiagoko Deabruak elkartearekin, Irungo aisialdiko taldeen koordinakundearekin, Ondare Kultur Elkartearekin eta Irun Hiria Musika Bandarekin elkarlanean, trenez iritsiko dira bihar erregeak, eta hiri erdia zeharkatuko dute. Iazkoaren antzeko ibilbidea egingo dute Erregeek. Alegia, tren-geltokira iritsiko dira, eta, handik, tren berdean, Letxunborro hiribiderantz abiatuko dira. Ondoren, ohi bezala, Hondarribia kalean eta Colon ibilbidean barrena, San Juan plazaraino joango dira 18:30etan hasita. Plazara sartu aurreko azken zatia (Eliza karrika), ordea, oinez egingo dute. Azkenik, udaletxeko balkoira igoko dira, eta, handik, bildutakoak agurtuko dituzte.Santiagoko Deabruak elkarteak Meltxorren gurdia lagunduko du bidean. Juanjo Toledok esan digunez, haurren aurpegiak ikusteagatikmerezi du lanak hartzea. Dena dela, Santiagoko Deabruak elkarteak Erregeen morroien desfilea ere kudeatuko du gaur bertan. Irungo udaletxean 16:00etatik aurrera eskutitzak bilduko dituzten bitartean, urteroko ilara luzeekin, eta 18:00etatik aurrera, Arbes, Dunboa eta Santiago auzoetan.
Hondarribian, postariak Mendelutik abiatuko dira atsaldeko 18:00etan, Amutera. Eta hango haurren eskutitzak hartu eta gero, Kostatik Txiplauko biribilgunera egin, eta handik Alamedara, Santa Maria ateaurretik Alde Zaharrera sartu, eta San Pedro kaletik Zuloaga eta San Kristobalen bukatuko dute.
Errege Magoen kabalgata, aldiz, ostegunean izango da 19:15 aldera Kai Zaharrera iritsiko dira, hortik Hermandadera joango dira agurra ematera. Portuarraken Asosiaziyuko kidea den Maria Pilar Lazkanotegik esplikatzen digun moduan.
Beraz, Hermandadetik Portua zeharkatu eta Harresilandako jaiotza bizidunera hurbilduko dira. Behin ekitaldia bukatutakoan, urtero bezala, San Gabriel zahar etxera joango dira bisitan.