Donostian eta Hendaian eginen da IV.Foro Soziala

Antxeta Irratia 2017ko urt. 3a, 00:00

Bi kokaleku izango ditu IV. Foro Sozialak, presoak bi estatuen eskumenpean daudelako. Bertan, zenbait legelariren laguntzaz, Frantziako zein Espainiako legedietan dauden arazoak identifikatu eta irtenbideak planteatuko dituzte. Gainera, gizarte zibileko dinamika eta erakunde berriekin batzartuko dira; esaterako, Sare, Etxerat eta sindikatuekin. Preso eta errefuxiatuen kolektiboen ekarpenak jasoko dituzte, eta, horretarako, EPPK-ko presoen kolektiboko bozeramaileekin bilkura egiteko eskaera egingo dute. Foro Sozialeko arduradunen iritziz, bi estatuen jarrera aldatu ez arren, Euskal Herrian azkenaldian marraztu den bide orriari jarraipena emateko "aukera berri bat" dago. Blokeoa gainditzeko "nahiko indar eta borondate" badela uste dute, eta akordioak eta adostasunak lortzeko eremua Euskal Herria dela. Adostasun horiek hiru eremu instituzionaletako erakundeetan oinarrituta egon behar dutela adierazi dute: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Ipar Euskal Herria.