Frantzia mailan ez dira aski, organo emaile egiten diren herritarrak. Hori dela eta, urte berriarekin, urtarrilaren 1ak osasungintza arloan ere pauso berri bat markatzen du. Touraine Legea praktikan eman da, eta horren arabera denak organo emaile bilakarazi ditu. Hau da, hemendik aintzina, hiltzen den herritar bakoitzari organoak hartzen ahalko zaizkio, kontra dagoela ez bada lehenagotik jakinarazia.
Orain arte kontrakoa zen. Hildakoaren organoak transplante batetarako erabili ahal izateko, organo emaile izan edo jakinarazia behar zenuen izan. Eta hemendik aurrera, beraz, organorik eman nahi ez duzula idatziz utzi behar da. Eta organo emaitzarik ez baduzu egin nahi RNR edo Ezezkoen erregistroan izena eman behar duzue, 13 urtetik aitzina, adibidez zuen farmaziara hurbilduz.
Hegoalden, aldiz, borondatezkoa da organo emaile izatea. Baina Euskal Autonomi Erkidegoa Europako punta-puntan aurkitzen da zentzu horretan. Gaur egun milioi biztanleko 48 organo emaile baitira urtero, Europan 30en bueltan dabilenean. Eta organo emaileen elkarteetan izena emanak daude Hego Euskal Herriko 65.000 lagun. Diotenez, Hego Euskal Herrian sentsibilitate handia dago, azken hamarkadetan egindako kanpaina handiei esker. ALCER, Gipuzkoako Giltzurrun Gaixoen eta Organo emaileen elkarteko Jose Luis Orbegozorekin mintzatu gara. Bera giltzurrun trasnplantatua da, eta esplikatu digunez, bi urtebetetze ospatzen ditu urtean. Jaio zenekoa, eta transplante bati esker, bigarren aldiz mundura sortu zenekoa.