Prezio igoerak, urte berriaren karietara

Antxeta Irratia 2017ko urt. 2a, 00:00

Urte berriarekin lehengo lepotik burua izango dugu gauza gehienetan, ez ordea gure patrikei dagokienez. Prezioen igoera andana bat eman baita atzodanik. Gutxiengo soldata duten Irun eta Hondarribiko langileek %8 gehiago jasoko dute, 707 euro guttienez. Iparraldean, aldiz, SMIC edo gutxiengo hilabete-saria %0,93a baino ez da emendatu, baina 11 euro dira hilabetean, 1.156 eurotaraino. Gazteen garantia, ikasle, langile edo ikastaldietan ez direnentzako 460 eurotaraino.

Eta prezioei dagokienez, gora egin dute gasa eta posta zerbitzua Iparraldean. Hegoaldean ere gasak %3,5a egin du gora eta posta zerbitzuan eskutitz ordinala 5 xentimo garestitu dute. Gutun bidaltzeak 50 xentimotara igo da.

Argindarrari dagokionez, Espainiako Gobernuak erabaki du urteko lehen hiruhilerako prezioak bere horretan mantentzea. Frantziako estatuan, aldiz, %5 egin du gora. Iparraldeko herritarrek beraz, gehiago pagatu beharko dute.

Garraioari dagokionez, aurreko urteko joerari eutsi dio SNCFk, eta Ipar Euskal Herrira iristen diren trenen prezioei bere horretan eutsiko die. Euskotrenek, bestalde, apirilean berritu zituen prezioak, eta oraingoz ez du inongo aldaketaren berri eman. Eta Renfek ere oraindik ez du argitu zer gertatuko den urtarrilean tarifak berritzen dituenean.

Autobideetan, Bidegik %3,5 garestituko du peajea. Baina Irunen, udako opor sasoian sortzen diren auto ilarak saiheste aldera, bidesarien prezioak beherantz biribilduko dituzte Irungo ordaintokian.

Eta aldaketa zenbaitzuk eman dira, bestalde lege kontuak direla eta. Iparraldean, plastikozko poltsarik ez dira gehiago banatuko saltokietan. Tabako paketeak neutroak dira legez, eta laborantxan hainbat pozoin eta produktu saltzea eta erabiltzea debekatu egin dituzte ere.