Gabonetako merkataritza pizteko plana abiatu du Irunek

Antxeta Irratia 2016ko abe. 9a, 00:00

Irungo Udalak eta Mugan eta Bidashop merkatarien elkarteek gabonetako merkataritza dinamizatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur. Udalak merkatariekin bat egin du, hiri erdiko kaleak animatu eta jendea erakartzeko jarduerak antolatzeko ahalegin handi bat eginez. Miguel Angel Paez, Ekonomi sustapenerako ordezkariak esplikatu duenez, «Irun, inguruko beste hiri batzuekin lehia bizian sartuko da datozen egunetan, lehiakortasun komertzial handia duen korridore batetan aurkitzen delarik. Eta Udalaren helburua da, ahalik eta bisitari eta erosle gehien erakartzea». Horretarako, aurten ez dute patinaje pistarik antolatu, baizik eta globo aerostatiko bat. San Juan plazan egongo da abenduaren 16tik aurrera, eta laupabost pertsonentzako gaitasuna duelarik, gora eta behera egingo du, Irungo hiri erdia beste ikuspuntu batetik begiratu ahal izateko. Bestalde, barruan argazkiak egin ahal izateko elur bola erraldoi bat ibiliko da Txanaleta, Pio XII, Almirante Arizmendi, San Juan eta Luis Marianotik, eta urtarrilaren 5ean, 2.000 lagunentzako Errege Opila erraldoi bat banatuko dute Zabaltza Plazan. Tartean, abenduaren 17an Gospel kontzertu bat izango da Zabaltza plazan, Lemon Twist talkdearen eskutik. Eta gazteenentzako, 40 Principales-eko DJ Olga Grande eta Euskadi Gazteako DJ Oihan Vegaren emanaldia izango da, abenduaren 22an eta 30ean hurrenez-hurren. Hori Udalaren ahalegina, dagoeneko joan den asteaz geroztik piztutak dauden kaleko gabonetako argi eta apaingarrietan utzitako 77.000 euroez gain. Mugan eta Bidashop merkatarien elkarteek ere, jarduera anitz proposatuko dituzte. Bidashop-ekoek tren berdea baliatuko dute haur eta gazteentzako paseoak eskaintzeko, eta Mugan elkartearen kanpainan  300 establezimenduk parte hartuko dute. Muganeko arduraduna Tomas de Maeztuk esplikatu duenez, "aurtengo kanpaina hobe joango" delakoan daude, 2014. Urtekoa inoiz izandako okerrenaren ondotik, iaz zerbait berreskuratu baitzen, eta kontsumo inkestak batetik, eta Irungo langabeziak behera egin duela bestetik, aurten %5 gehiago saltzea aurreikusten dute. Bestalde, Mugan-ek  bezeroen fidelizazio kanpaina egingo dute, 3.000 euro erosketa txartel banatuz, eta lur-azpiko aparkalekuetarako bono txartelak ere emango dizkiete”.