Eguberriei begira, Ficoban gaur gabonetako azokaren azken eguna da, Hondarribian Oparideia azoka ospatuko dute Itsas Etxean asteburuan, eta Hendaian Gabonetako Azoka antolatu dute hiri erdian ere larunbata eta igandez. Baina kontsumismoaren garaia bada ere, kontsumitzeko gaitasun ekonomikorik ez duten familia asko ditugu gure artean. Hori kontuan hartuta, eta haurren ilusioa mantentzeko batetik, eta ezberdintasunik ez emateko helburuarekin, Gurutze Gorriak urtero antolatzen duen Haur bat, Jostailu bat kanpainari ekin dio. Aurtengoan, haurrek duten jolasteko eskubidea nabarmendu nahi dute euren kanpainarekin. Baina helburu berdintsua. Jostailu ez sexista eta ez belikoaki, biltzea, gerora familia behartsuenen artean banatzeko. Hori bai, azken urteetan bezala, aurtengoan ere jostailu berriak onartuko dituzte soilik. Iaz 1.400 jostailu berri jaso zituzten Gipuzkoa osoan, eta jostailu baten eskaera egina zuten 800 haurren artean banatu zituzten. Gure eskualdean jostailuak Irungo Euskal Herria hiribideko Gurutze Gorriaren egoitzan eta Hondarribiko Puntalekoan ere, bilduko dituzte abenduaren 12tik 16ra bitartean. Eta jostailu baten beharra duten familiek herri bakoitzeko egoitzan galdetu beharko du, zenbait kasuetan Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez kudeatzen baitute onuradunen zerrenda. Itziar Estebanez, Gurutze Gorriko kidea