Mundu zabaleko kultura eta historia izango da, 16. urtez, FICAB edo Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak ekarriko dituen 38 dokumental eta laburmetraien funtsa.
Azaroaren 19tik 26ra bitartean, aurten jasotako 80 lanetatik 38 ikusi ahal izango dira lau sailetan banatuak. Amaia Kultur Zentroan, CBA Udal Liburutegian, eskolartekoentzako proiekzioetan, eta Donostiako Aquariumean azaroaren 19 eta 20an izango diren hiru pasaldietan. Aurtengo berritasun nagusia, arkeologiaren eskutik gaur egun gerlaren ondorioz bisita ezin daitezkeen lekuetara bidaiatzeko proposamena izango da. Baina urtero bezala, denetarik izango dela aurreratu digu Mertxe Urteaga, Oiasso Museoko eta festibaleko zuzendariak.