Urtearen lehen bederatzi hilabeteen balantzea egin du AENAk eta horren arabera, bidaiari gehiago izan ditu Hondarribiko aireportuak. %2,7 igo da erabiltzaileen kopurua irailera bitartean, eta 200.000 bidaiari pasa dira Hondarribiko terminaletik.
Baina 2017ean zaila izango dute hobekuntza horri eustea. Vueling konpainiak Hondarribiko aireportuan eskaintzen duen Hondarribia-Bartzelona hegaldia bertan behera utziko duela baieztatu baitu. European Aviation Safety Agency delako, EASA Europako Agentziak eman duen, aireportuko pista mutur bakoitzetik 150 metro laburtzeko aginduak, gaur egungo zerbitzuaren errentabilitatea kolokan jartzen duelako. Erakunde horren arauek ez dute kontuan hartzen aireportuari ezarri zitzaion salbuespen egoera. Eta 2017ko abenduaren 31 baino lehen murriztu beharko du AENAk pistaren luzera.