Bizikidetzaz Blagan aurkeztu dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2016ko urr. 6a, 00:00

Gaur Hondarribian, Bizikidetzaz Blagan ekimena aurkeztu dute udaletxean. Ez da oraingo kontua bakegintza eta bizikidetzaren bidean urratsak eman, eta Euskal Herriak hamarkadetan bizi izan duen indarkeria politikoaren zein giza eskubideen urraketen gaiaren inguruan, eztabaidatzen aritu da herritar talde bat, diskretuki, azken urte eta erdian. Eta orain egiten dute publiko.

Udalak gonbidatu zituen herritar hauek foro horretan parte hartzera. Antxeta Irratiak berak Itsas Etxean antolatutako Bizikidetzarako Jardunaldiei segida eman zieten udal ordezkariek, eta orain, ariketa hau herritarrek egin beharrekoa zutela esplikatu digu Txomin Sagarzazuk. EDE Fundazioko Bakeola Bizikidetza, Gatazka eta Giza Eskubideen zentroko bi kide aritu dira saioak dinamizatzen. Bakeolak zuzendutako dinamika herritar hauei proposatu zitzaien. Eta behin bidea egin dutela, orain publiko egin da talde horretan parte hartu duten izaera eta pentsamolde anitzeko hondarribitarren zerrenda: Anttoni Aginaga, Iñaki Arzak, Xabier Bengoetxea, Marilena Castillo, Trini Fernandez, Josune Elu, Coro Gutierrez, Mikel Jauregi, Ana Cristobal, Beñardo Lazkanotegi, Maria Jesus Garin eta Koldo Ortega izan dira, bata bestearen lekuan jarri eta blagan, elkar mintzatuz, alegia, ariketa sakona egiteko prest agertu direnak. Azken bi horiekin mintzatzeko aukera izan dugu gaurkoan. Eta baita Maider Martiarena bileren dinamizatzaileetariko batekin ere. Esan bezala, orain eurek egindako hausnarketa bidea, beste herrikideek ere egin dezaten, ekimen sorta antolatu dute Udalaren babesarekin. Urrian eta azaroan zehar, asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19:00retan.