Aire zabaleko doako Fenomena Festibalak behin sustraiak errotuta, zortzigarren urratsa ematera doa

Antxeta Irratia 2023ko urr. 2a, 00:00

Pandemia urteetan kolokan izandu bazen ere, bolondresen lanari, tokiko agintarien babesari eta Kirol Kaiako tabernarien sustenguari esker, irabazi asmorik gabe, baina kultur eskaintza aberasteko jaialdia sendotzeko beste urrats bat emango du aurten, disko aurkezpen eta estatu mailako zenbait bandarekin.

Helburu solidarioa ere izango duen edalontziak eskainiko dituzte ELA eritasunaren ikerketaren alde. Orotara 5 kontzertuz osatutako kartel ofiziala, eta iragarri ez dituzten zenbait sorpresa izango ditu aurtengo Fenomena Festibalak. Aurten bere zortzigarrena du, eta pandemia urteetan zailtasun handiekin Jostaldira lekuz aldatu, edota ondoko muga-neurriak baldintzatutako edizioak atzean utzita, Hondarribiko Udalak “lehen eta orain ere” egin duen musika eta kulturaren aldeko arrapostuari esker aurrera doa. Era berean, 50 bolondres baino gehiagoren izerdiak eusten du festibalaren antolaketa, eta estatu mailako komertzial-saretik kanpoko musika eskaintza dakar berriz ere Hondarribira, Kirol Kaian.

Aurreko edizioetan Niño de Elche, Maika Makowski, Ruper Ordorika, Vulk, Joseba Irazoki, SR. Chinarro, Adios Amores edota La Perra Blanco bezalako eskaintza eklektikoa taulgainean izan ondotik, aurtengoan ere, kolore eta doinu desberdinak izango ditu jaialdiak. Urriaren 7an 17:00etan hasita eta 23:00etan azken kontzertua, Chavalan, Tulsa, Dani Llamas, TOC eta Biznaga taldeen kontzertuak izango dira Kirol Kaian musikazaleentzako. “Urtero Euskal Herriko zein kanpotik iritsitako zaleak etortzen dira jaialdira, interesa pizten duelako”, azpimarratzen du Fenomena elkarteko Ernesto Villar kideak. Aurtengoan, Miren Iza (TULSA) hondarribitarra etxean ariko da, baina estatu mailan “bere ahots propioa lortu duen abeslaria” dela nabarmendu du antolatzaileak. Bestalde, Mungiako TOC euskal rock banda Chill Mafiarekin batera ariko da, Euskal Herriko musika urbanoaren erreferentzia.

Espainair estatutik etorriak, aldiz, bi banda desberdineko musikariak topo egin duten Chavalan talde valentziarrak arrakasta lortu ondoko euren azken agurra emango dute festibal honetan. Eta Jerez de la Fronterako (Andaluzia) Dani Llamasek 2022an plazaratutako diskoaren tourreko azken txanpan dabil. ‘Biznaga’, aldiz, espainiar estatuko punkaren ikurra da, eta ‘Bremen no existe’ izeneko laugarren diskoa dakartzate besopean Hondarribiko Kirol Kaian aurkezteko.