Pausuko Xaia ostatuak ikasturte berriari hasiera emateko, urriaren 6an, ostiralarekin, Kantu Afaria antolatu du. Urruñako Bakalao elkarteak euskal kantuei bultzada emateko, urtero proposatzen duen “euskal kantu ikastaroen abiatzea” ospatzen da.
Aurtengo ikastaroa, urriaren 11an hasiko da. Eta Beñat Elizondo, Xaia ostatuko arduradunak azaldu digunez, “bi asteazkenetan behin 80 edo 90 lagun inguru biltzen dira Urruña, Hendaia, Irun zein Hondarribiko jendea euskaraz abestu eta une goxo baten pasatzeko”. Aipatu bezala, ikasturtea estreinatzeko, eta nahi duen orok izena eman dezan animatzeko, sagardotegi menuarekin eta Kuxkuxtu txarangak animaturiko Kantu Afarian izena eman daiteke 40 eurotan.
Bestalde, azaro hasieran Biriatuko San Martin bestekin batera, Pausun ere usadio handikoak dituzten tripotxak sukaldatuko dituzte urria bukaeran. Eta azaroaren 3an Tripotx Jate afaria antolatuko dute ‘Bota Kantu’ taldeak animaturik (30 eurotan). Tripotxak erreserba daitezke ere etxera eramateko. Izena emateko 05 47 75 07 02 telefonora deitu behar da, edo Pausuko Xaia ostatutik pasa.