Iaz Federal 2 mailan jarraitzeko erabakia hartuta, aurten zafraldiz-zafraldi ari dira porrotak biltzen. Euren burua Federal 3 mailan nahiago luketen jokalariak deseroso dabiltza, eta haserre presioa eman dute lehendakarien dimisioa bultzatuz. Aldaketa sakonak espero dira bi aste barru ospatuko den ez ohiko asanbladan.
Denboraldi abiatze kaxkarra egin du Hendaiako Estadioak aurten. Bere lehen bi taldeak ez daude behar maila ematen ari. Baina jokalari zein zaletu askorengan ez du ezustekorik ekarri. Felix San Martin, klubeko bozeramalean aitortu duenez, “jokalariak Federal 3 mailan aritzeko maila dute, bigarren mailan baino”. Halere, iaz maila galtzeko aukeraren aurrean 2. Federalean jarraitzeko erabakia hartu zuen administrazio kontseilauk Hendaiako Herriko Etxearekin eta errugbi federazioarekin hitz egin eta gero. Horren ondorioz, sasoi hastapen honetan zafraldiz-zafraldi ari dira. “Ez da goxoa partidaz-partida galtzen ikustea”, dio San Martinek.
Hiru jardunaldi besterik ez dituzte jokatu. Hiruak galduta. Baina zelaian emandako itxuraz haratago, markagailuek agerian uzten dute errealitatea. Azken asteburuan, Boucau-Tarnosen aritu dira. Lehen taldeak 37-17 galdu badu, erreserben taldeak 60-5 egin zuen.
San Martinek azaldu digunez, euren burua Federal 3 mailan nahiago lukete jokalariek, eta “deseroso ari dira jokatzen”. Haserre bizian klubeko agintariek hartu deliberoen aurka egin dute, eta hauek dimisioa eman dute. Orain bi aste barru ospatuko den ez ohiko asanbladan agintari berri batek hartu beharko du lekukoa, eta denboraldia hasiberria bada ere, “aldaketak emango dira” ziurrenik, entrenatzaile zein taldearen osaketan. Sasoi gogorra baitute aurretik.