Udalarekin izango duen kudeaketa ereduaren hitzarmena urriaren 10ean asanbladan onartutakoan izenpetuko du Irungo Emakumeen Etxea elkarteak. Berdintasun politiketan eta jardunean erreferentziazko gune bilakatu nahi duen honetan, elkartegintza bultzatuko du kolektibo honek, Udalak ahalduntze eskolak eta aholkularitza profesionala eskainiko duen bitartean.
Irungo Emakumeen Etxearen jardueren aurkezpen ofiziala egin dute gaur, irailaz geroztik martxan bada ere. Emakumeen Etxea Elkartea eta Irungo Udalaren arteko kudeaketa hitzarmena izenpetzear dute prozesu luze baten ondotik. Izan ere, urriaren 10ean asanblada deitu du elkarteak, 2019az geroztik 80 emakume baino gehiagok parte hartu duten prozesuaren azken urratsa emateko. Hitzarmen hori berresteko. Maribel Castello, elkarteko ordezkariak azpimarratu du emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa izango dutela helburu. Eta elkarteak “modu autonomoan” jarduerak antolatuko dituela bertan. Elkartegintza indartzea dute erronka, eta “matxismoari aurre egiteko espazio izateko, eta feminismotik Irun berdinzaleago bat lortzeko lanean” ariko direla, betiere, Irungo emakumeekin kudeatutako gunea izanik. “Publikoari irekita egongo den espazioa da, eta zabalik ez dagoen ordutegietan, emakumeen elkarteek erabili ahal izango dute”, gaineratu du.
Anartean, Irungo Udaleko Berdintasun arloko teknikarien lantokia da orain. Berdintasun arloko lan guztiak bertan zentralizatu baitituzte. Aitziber Iratzoki, berdintasun teknikariak azaldu digunez, orain arte Palmera-Montero gunean eskaintzen zituzten ‘Emakumeen Ahalduntze eta Autoestimu Eskolak’ bertan eskainiko dituzte aste hontatik aurrera.
Hortaz gain, emakumeen etxeak atzealdean dituen bulegoetan, zenbait zerbitzu berri jarri dituzte martxan. Batetik, “IGUALATE-PAREKATU ZAITEZ” emakume migratuentzat ikasketa eta formakuntza homologazioa lortzeko aholkularitza. Bestetik, 25 urtetik gorako emakumeei zuzendutako sexologia zerbitzua, eta beharbada berritzaileena, dohako abokatu zerbitzu juridiko profesionala, izan familia-zuzenbidea, izan laborala edota indarkeria matxistaren biktimentzako. Zerbitzu honetan aldez aurreko hitzordua behar da hartu 943 505505 telefonoan.
Gainerakoan, Emakumeen Etxea, Istillaga plazan zabalik aurkituko duzute hemendik aurrera astelehenetik ostiralera, 9:30etik 12:30ra, eta 16:00etatik 20:00etara.