Irundarrak «itotzen ez dituzten zerga justuak» defendatuko ditu Elkarrekin Podemosek

Antxeta Irratia 2023ko ira. 29a, 00:00

Udal tasa eta zergen igoera orokor bat egin beharrean, etxebizitza hutsen kanona, turimoari tasa, elektrika, gas eta gasolindegiei eremu publikoaren erabileragatik pagarazi eta 50.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten familiei inpostuak igotzea proposatzen du David Nuñok “aberastasuna arrazionalki birbanatzeo”.

Irungo udal talde politikoen artean 2024ko udal aurrekontuen eztabaida eman aurretik, udalak izango dituen diru-sarrerak zehaztu beharko dituzte. Horretarako, udal tasa, zerga eta zerbitzuen prezio publikoen eztabaidari ekingo diote aurki. Joan den astean, Irungo Udaleko Ogasun ordezkariak, Miguel Angel Paezek “%4 bateko igoera orokor bat iragarri zuen, eta prezio publikoetan handiagoa izan daitekeela” iragarri dio, David Nuño Irungo Elkarrekin Podemoseko bozeramaleak. Eta aurreko agintaldian gobernu koalizioa zirenean bezala, oraingo honetan ere igoera orokorren aurka dagoela argitu du.

Orain oposizioan, “linea gorria” ezarri nahi izan du eztabaida abiatu baino lehen. Izan ere, aurreko agintaldi osoan inpostuak izozturik mantendu eta gero, udal gobernu sozialistak epe horretan inflazioa %16koa izan dela argudiatu du, politika fiskalaren irizpideak aldatu eta inpostuen eguneraketa bat mahaigaineratzeko.

Haatik, David Nuñok “irundarren egoera ekonomiko kaxkarra arindu” beharra azpimarratu du. Gipuzkoako 88 udalerrietatik Irun 86garrena baita errenta-mailan. Gipuzkoako batez-bestekoa 26.000 ingurukoa den bitartean, Irunen ez baita 20.000 eurotara iristen gaur egun. Hau kontuan hartuta, “Irungo herritarrak itotzen ez dituzten zerga justuak defendatuko” dituela azpimarratu du.

Halere, aparteko inpostuak sortzearen aldekoa da Elkarrekin Podemos, udalak behar dituen diru-iturriak eskuratzeko. Batetik, 50.000 eurotik gorako diru-sartzeak dituen familiei eta milioi euroko bat baino gehiago fakturatzen duten enpresei zergen igoera ezartzea. Bigarrenik, energia elektrikoa, gasa eta hidrokarburoak garraiatzeko instalazioen eremu publikoaren erabileragatik tasa bat sortzea. Eta beste bi gehiago: etxebizitza hutsen kanona eta turismo-tasa baten ezartzea.