Jauzarrea euskal kulturaren azterketa eta zabalkunderako funtsak Kanadako Louisbourg herrixka historikoarekin proiektu ederra du martxan. Azken lau urteetan, uda oro, Euskal Herriko bi gazte Kanadara joaten dira, euskal kultura eta herria ordezkatzera eta aurkeztera. Izan ere, XVIII. Mendean, arrantza garaian, Louisbourgeko herritarren %20 arrantzale euskaldunak ziren, eta hango historiaren kontserbatzaileek lekua egiten diote gaur egun ere gure kulturari. Parks Canada erakunde publikoak kudeatzen du Louisbourgeko gotorlekua, eta bertan “Arrantzaleen etxola” izendatu dutena da Euskal Herriaren ordezkaritza lekua. Udan guretik hara doazen bi gazteak bertan ibiltzen dira, euskaraz mintzatzen, eta bisitariei Euskal Herriari eta kulturari buruzko azalpenak ematen.
Jauzarrea funtseko Elena Berazadirekin mintzatu da Aimar Lopez. Heldu den udan Louisbourgera joateko interesa duen oro jauzarrean@gmail.com helbidearen bidez edo jauzarrea.com webgunea bisitatuz sartu daiteke haiekin harremanean.