Pierre Loti da Zuloaga Etxeko gonbidatu berezia, literaturaz blai egindako udazkeneko programazioan

Antxeta Irratia 2023ko ira. 28a, 00:00

Hondarribiko Udal Liburutegiak ohiko literatur-tailer, ipuin kontari eta idazketa tailerren ikasturteari abiada ematen dio udazken honetan. Eta joan den ekainan hasitako Pierre Lotiren figurari buruzko ziklo batekin borobilduko du abendua bitartean.

Zuloaga Etxea liburutegia handitzeko berritu zutenetik gune dinamikoa bilakatu da. Hala dio Ortzi Alonsok, Kultura zinegotziak: “literatura eta sozial mailan ere errefrentziazko gune da gaur egun”. Eta liburu mailegu zerbitzu edota ikasketa geletatik haratago, herriko eragile desberdinekin lankidetzan antolatzen dituen ekintza andana dela eta, “leku bizia” dela azpimarratu du.

Zentzu honetan, liburutegiaren lan egiteko moldeak udalaren gainerako departamenduetara eramateko beharra ikusten du Alonsok “era transbertsalean eta zeharkako koordinazioa bultzatuz”. Eta hurrengo erronka “zentralizatua dagoen zerbitzu hau auzoetara nola eraman” aztertzea izango dutela aitortu du.

Ikasturte berria

Bien bitartean, Udal Liburutegiak bere ohiko martxarekin jarraitzen du udazken honi begira ere. Zenbait aldaketekin. Izan ere, 15 urte betetzen dituen literatur-tailerretan Maite Gonzalez Esnalen lekukoa hartuko dute aurten Mertxe Tranchek eta Yurre Ugartek. Bestalde, iaz proba piloto bezala martxan jarritako Irakurketa Feminista taldeak arrakasta bildu ondoan, jarraipena emango diote Ane Garcia eta Ane Lekuonaren eskutik. Eta haurren eskaintzari dagokionez, Maite Franko eta Lupe Lekuonak hilero ipuin kontari saioak eskaintzeaz gain, mahai-jokoak et azine emanaldiak ere proposatuko dituzte. Informazio gehiago izateko, deitu 943111286 telefonora edo begiratu liburutegia@hondarribia.eus webgunean.

Bestalde, urriaren 24an, Liburutegien Nazioarteko Egunarekin ere ekitaldi bereziak prestatuko dituzte. Baina udazken honetan Pierre Loti idazlea izango dute oso presente. Azken urteotan Txanogorritxo edo Frankestein obrekin egin izan duten bezala, oraingo honetan Hendaian eta Hondarribian kokatutako ‘Ramuntxo’ eleberriaren idazlearen figura lehen planora ekarri nahi izan dute. Erakusketa, film emanaldi, hitzaldi eta solasaldi programa berezia antolatu dute urritik abendura, eta Kotte Gebara liburuzainak eman digu horren berri.