Abortatzeko eskubidea babesteko deia egin du Bagerak, nahigabeko «haurdunaldia behartzea indarkeria» delako

Antxeta Irratia 2023ko ira. 28a, 00:00

Irailak 28 dituen honetan, Aborto Eskubidearen Nazioarteko Eguna da. Iaz 234.000 emakumek erabaki zuten abortatzea frantses estatuan. Tabua izanagatik ere “salbuespena ez den errealitatea” erakunde publikoetatik sustengatu eta eskubide konstituzionala izan dadin aldarrikatzen dute talde feministek.

Antxeta Irratiko Goizeko Kafean Itziar Varela izan dugu gaur gonbidatua. Hendaiako Bagera elkarte feministako kideak azaldu digunez, “9 minuturo emazte bat hiltzen da abortu klandestino baten ondorioz munduan”. Amnisty International erakundearen arabera, 39.000 emakume urtero. Pertsonak nahi gabeko haurdunaldian aurrera jarraitzera behartzea indarkeria dela salatzen du Bagerak. Varelak oroitarazi du, abortoa debekatzeak ez duela inoiz abortu kopurua gutxitu. “Horrek areagotu baino ez du egiten metodo ez hain seguruetara jotzen duten pertsonen kopurua, sostengurik gabe, batzuetan heriotzaraino eramanez”.

Frantses estatuan, aldiz, legeak arindu dituzte. Haurdunaldiaren 12garren astetik 14garrenera luzatu dute, legez abortatzeko epea. Baina finantzamendu publiko gehiago eskatzen du Bagera elkarteak, baita abortatzeko Myfégine botikaren eskasia ez errepikatzeko neurriak har ditzaten ere. Era berean, azken urteotan “bizitzaren alde” jotzen dutenen eskubideak murrizteko diskurtsoa hedatzen ari delako kezkatua azaldu da Itziar Varela. Eta oroitarazi du abortoa ez dela salbuespen bat, eguneroko errealitate bat baizik. “Hiru emakumetik batek abortatuko du bere bizitzan zehar, beraz, ez da aparteko zerbait, eta hainbeste emakume hunkitzen dituen errealitate bat babestuagoa egon beharko luke”. Frantses estatuan iaz 234.000 emakumek erabaki zuten abortatzea, eta horietatik %78a 20 eta 29 urte arteko gazteak ziren.

Zentzu honetan, abortatzeko eskubidea Frantziako Konstituzioan sartzea eskatu dute kolektibo feministek. Baina Senatuak uko egin dio. Eta kontra bozkatu dutenen artean, Pirinio Atlantikoetako senataria den Max Brisson izan dela fermuki salatu du Bagera elkarteak.

Oroit, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzua martxan duela elkarteak, iaz Hendaiako 32 emakume biktimari harrera egin zietelarik. Baina Hendaian abortatu nahian eta “nora jo ez dakien emakumeak” laguntzeko prest azaldu da elkarte feminista. Haiekin harremanetan jartzeko: 07 55 64 92 55. Era berean, Planin Familial zerbitzuaren bitartez kudeatu daiteke.