Zirriborro idazketa eskola eginen dute urrian Donezteben

Antxeta Irratia 2023ko ira. 28a, 00:00

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ematen duen beka baten bitartez sortu du Iñigo Satrustegi iruindarrak Zirriborro idazketa eskola. Urriaren 12tik 15era eginen da Donezteben eta izen ematea irailaren 30era arte egonen da irekita.

Iñigo Satrustegik Nafarroako Gazteriaren Institutuaren beka irabazi zuen, eta horri esker hasi zen buruan zuen ideia errealitate bihurtzen. Euskal Idazleen Elkartearen laguntzarekin, hiru eguneko egitaraua osatu du, diziplina ezberdineko artistek emanen duten ikastaro eta gaubelekin. Idazketa eskola, literaturan eta sormenean interesa duen edonori irekia egonen da eta norberak erabakiko du zein ikastarotan parte hartu nahi duen.

Urriaren 12tik 15era eginen da Zirriborro idazketa eskola Donezteben. Iruñeako erdigunetik atera eta Nafarroa iparraldeko herri honetara eraman nahi izan du Iñigo Satrustegik kultura. Eskolaren helburu nagusietako bat gazte sortzaileei kulturarako sarbidea erraztea izan da beti Satrustegirentzat. Horrez gain, iruindar honek denentzat aukera ireki bat izatea ere nahi du eta kultur eragileak izan daitezkeen hauen arteko harremanak sustatzea.

Horretarako, beka irabazi ondotik, egitarau zabala prestatu du Satrustegik diziplina ezberdinetako artistekin: idazleak, antzerkigileak, dokumentalistak, filosofoak… Hauek guztiek ikastaroak emanen dituzte eta interesa dutenek erabakiko dute zeinetan parte hartu. Hain zuzen ere, ikastaroetan parte hartzeko epea larunbata arte irekita egonen da, irailaren 30era arte (https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSeY_sIfYC5bD2DRojJ_Br2V7BMzIN-GHkMf8dLWkNrZrZnHlg/viewform). Bertan zehaztu beharko da, parte hartu nahi den ikastaroez gain, otorduen beharra baden, lotarako lekua edota bertzelako behar guztiak.

Informazio guztia eta egitaraua Zirriborro-ren sare sozialetak aurki daiteke. Instagramen, @zirriborro.idazketa, eta X-en, @zirriborroidaz

Erlazionatuak

Zirriborro idazketa eskola eginen dute urrian Donezteben

Antxeta Irratia 2023 ira 28 Behe Bidasoa