Behiak hunkitzen dituen gaitz hemorragiko epizootikoaren lehen kasuak atxeman dituzte Bidasoaldean

Antxeta Irratia 2023ko ira. 27a, 00:00

Gutxienez bi kasu baieztatu dituzte Hondarribian sintomak zituzten behien laginak aztertu eta gero. “Inpotentzia handia da, orain bakarrik falta zen eltxo batek gure abere guztiak arriskuan jartzea”, dio Ion Areitio behi-hazle hondarribitarrak. Berekin mintzatu gara baserritarren kezka eta kalteetaz.

Aurretik ere, Gipuzkoako bederatzi ustiategitan beste 60 kasu identifikatuak zituzten azken egunetan. Berez, abuztuaz geroztik Espainiar estatuko hegoaldeko hainbat ustiategietan emandako lehen kasuetatik, azkar hedatzen ari baita. “Ez du itxura onik”, dio Ion Areitio behi-hazleak. Hondarribiko Arkolla auzoko Mugarrieta baserrian 85 bat abelburu gizentzen ditu haragitarako. Eta gaur herriko bi baserritan baieztatu diren kasuen aurrean, kezka handia azaldu du, gainerako baserritar eta abeltzainen artean orokorra den sentimendua. “Inpotentzia handia da, behien elikaduraren prezioekin garai gogorrak bizitu ondoren, orain bakarrik falta zen eltxo batek gure abere guztiak arriskuan jartzea”, kexu da Areitio.

Izan ere, gaixotasun biriko ez kutsakorra da. Eta Eusko Jaurlaritzak argitu du, animaliak eltxoen ziztadaren bidez kutsatzen direla, eta ez diela pertsonei eragiten, ezta infektatutako animalietatik lortutako elikagaiei ere. Baina abereen artean hilkortasun-tasa handia duenez, horretan ari diren baserri eta ustiakuntzetan kezka piztu du.

Gure eskualdean, haragitako abelgorriak eta esnetako behi frisioak dituzten etxalde gutxi batzuk besterik ez daude. Baina haiekin interesatu gara gaur. Irunen Bidasoa auzoko Lastaola da esnetako ekoizpen handiena, eta badira gero, Olaberria auzoko haragitako Oihanalde baserria, edo Landetxan Usategieta baserria bezalako ustiakuntza xumeak ere.

Hondarribian, aldiz, abelburu gutxi dituzten hainbat baserri daude. Eta Mugarrieta baserriak haietatik ere jasotzen ditu txahalak. “Beraz, laupabost edo hamar behi dituzten baserrien galerak ere, gureak dira”, azpimarratzen du egunotan 24 orduz behiek sintomak ote dituzten arreta prestatu behar duen abeltzainak.

Larretik ikuilura, baina tratamendurik ez

Izan ere, duela bi aste, albaitariaren gomendioz, “larretik ikuilura sartu zituen abelburuak eltxoetaz babesteko”. (EHNE) Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak intsektizidak erabiltzeko gomendatu die. Baina behin kutsatuz gero, tratamendurik ez du gaitz honek. Aldiz, antibiotikoak eta anti-inflamatorioek on egiten omen diete. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, tratamendu hori ordainduko die.

Baina asko dute jokoan. Eta kontrolaezina den eltxo baten ziztadaren baitan, alertan bizi behar izatea inpotentzia handia sorrarazten die. “Baserritarrak gara beti kaltetu zuzen eta bakarrak. Jendeak banketxean gordetzen duena, guk aberetan dugu, hori da gure ondasuna”, oroitarazten du, haragi zein esnea lasai asko kontsumitzeko deia eginez. Esan bezala, eltxoek kutsatuta behiak hunkitzen dituen gaitza izanik ere, Eusko Jaurlaritzak argitu baitu haiengandik ekoitzitako elikagaietan ez duela eraginik.