Emakume zinegileen itsasoan urperatzen den dokumentala aurkeztu du Bertha Gaztelumendi irundarrak Zinemaldian

Antxeta Irratia 2023ko ira. 27a, 00:00

Atzoko eta gaurko euskal emakume zinegileak lehen eszenara ekartzen dituen “Arnasa betean. Emakume zinegileak” dokumentala aurkeztu berri du Rosa Zufiarekin batera, Euskal Zinemaren Sarirako lehian.

Euskal ekoizpenen egunean aurkeztu zuten Bertha Gaztelumendik eta Rosa Zufiak «Arnasa betean, emakume zinegileak» dokumentala. Isabel Herguera, Josu Martínez eta Fermin Muguruza ariko dira ere Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian. Baina orotara, 19 filmez osatuta dago Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea. Eta atzokoan ere, Paco Sagarzazuk euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan ezinbestekoa izan den aktoreak Zinemira Saria jaso du bere ibilbide osoagatik.

Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufiarekin mintzatu gara dokumentalari buruz. Kazetari eta zinegile irundarrak aitortu digunez, “behar batek bultzatuta” sortu zen ideia. “Zineman emakumeen ahotsa entzuten hasi bada ere, kazetari gisa sektoreko aurkezpenak jarraitzerakoan beti gizonak izan ohi dira elkarrizketatuak”, azaltzen du. Hortaz, emakume zinegileen inguruan egindako dokumentala da, hauen lana azalerazi nahian. Aitzindariak ezagutara ematen ditu dokumentalak, baina baita azken zinemaldietan arrakasta izaten ari diren zinemagile beteranoak edo gazteen lanak ere. Horretarako, hiru urpekarik gidatzen dute filmen gai eta begiraden zehar.

Bertha Gaztelumendik azaldu duenez, Menorkan grabaturiko eszenak nagusi badira ere, hainbat elkarrizketatu eta grabaketa Hendaian egindakoak dira. Eta beraz, Bidasoaldea ere presente da lan honetan.