Iker Elizalde: «Bidegurutze batean gaude, paretaren kontra, eta berotegi-isuriak gutxitzeko plan ausartagoa eta neurri eraginkorragoak behar dira»

Antxeta Irratia 2023ko ira. 27a, 00:00

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren azken saioan “Karbono Gutxiko Plana” onartu zuten. EH BAIk garraio eta etxebizitzaren problematikari neurrietan “engaiamendu eskaxa” ikusten du, eta laborantxa eredua kontenplatu ez izana deitoratu du ere.

Berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen %31 garraioak eragiten duela aintzat hartuta, eta eraikinen energia kontsumoak beste %44a, argi izan dute 2050 urtera begirako plan honen ardatz nagusiak zeintzuk behar duten izan.

Mugikortasun jasangarria sustatzea, batetik. Horretan, bizikleta-planari pisu handiago emanez, adibidez. EH BAIk, aldiz, plan hori benetan eraginkorra izan dadin, “neurri ausartagoak” galdegiten ditu. Garraio kolektiboak hobetzeko beharra agerikoa da Iker Elizalde kontseilariu departamentalaren arabera. Eta horretan, eguneroko trena indartu behar dela dio, “behingoz AHTaren proiektua baztertuz”. Goiz hontan izan dugu gonbidatu Goizeko Kafean, eta mugikortasuna eta planaren bigarren ardatza, eraikin edo etxebizitzaren problematika estuki lotuak daudela dio. Ipar Euskal Herrian bidegurutze larri baten aurrean gaudela sinetsita dago. “Paretaren kontra gaude, eta eredua hausnartu behar da. Ezin dugu horrela jarraitu BABn edo Donibane Lohitzunen egunero sortzen diren auto-lerroekin, eta horrek badu zerikusia bizitegi politikarekin, garestitzearen ondorioz jendea barnekaldera joan baita, eta joan-etorriak emendatu dira”, argitzen du. Bestalde, abian den mugikortasun-azterketan, Hendaia eta Urruñako Zokoaren arteko Erlaitzako 912 errepide departamentalaren proiektuan, “orain hartuko dituzten erabakiak plana kontraesanetan sartzen ote den” argituko duela deritzo.

Nolanahi ere, ‘Karbono Gutxiko Plana’ren hirugarren ardatza jarduera ekonomikoarena da. Eta hortan, laborantxa sektorea kontenplatu ere ez dela egiten salatu du EH BAIk azken batzarrean. Iker Elizalderen ustetan, lurren aprobetxamenduan, desnaturalizatutako lurrak atxiki eta laborantxa herrikoia bultzatzea ezinbestekoa da aldaketa klimatikoaren kontra: “karbonoa atxikitzen duen jarduera ekonomikoa delako, KM0 ekoizpenek ez dutelako garraioan kutsatzen, eta bide batez, laborariek lurrak zaintzen dituzte”. Baina salatzen duenez, planak ez du laborantxa aztertu ere egin, soilik esportaziorako arto ekoizpen handiak piztu zuen eztabaida azken saioan. Haatik, azaroaren 10etik 12ra bitartean Miarritzeko Iratiko aretoan, Lurramaren edizio berrian agertuko den laborantxa eredua engaiamendu osoz defendatu beharra aldarrikatu du EH BAIk Kontseilu Orokorrean.