Meaka auzoan (Arburu azpian) Aiako Harria Natur Parkean dagoen Lasain-Gogortegiko udal lurretan, intsektu eta anfibioen biodibertsitatea aberasteaz gain, CO2 karbono hustugune bilakatuko diren lau mikro-hezegune sortuko ditu aldundiko NaturKlima Fundazioak.
Urrian egingo dute esku-hartzea. 14.000 euroko inbertsioarekin “gauza txikia” irudi lukeela aitortu du Jose Inazio Asensio sozialistak. Baina “halako ekimen txikiak biderkatzeko beharra” azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumenerako diputatu eta NaturKlima Fundazioko presidenteak. Izan ere, aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan neurri guztiek batzen dutelakoan dira agintariak. Eta Jose Antonio Santano Irungo alkateak ere, halako ekintza txikien garrantzia nabarmendu du.
Mendiak “karbono sumidero edo hustugune” naturalak dira. Eta eragin hori biderkatzeko helburuarekin, 68 metro karratu eta 80 zentimetro sakonerako lau mikro-hezegune hauek sortuko dituzte Aiako Harriko Erlaitz-Pagogain ardatza babesteko.
Irungo Udalak NaturKlima Fundazioarekin izenpetzen duen bigarren akordioa da honakoa. 2021eko suteen ondoren Bidasoa auzoan, Erlaitz inguruetan erretako zenbait eremu lehengoratzeko akordioa izenpetu baitzuten. Eta oraingoan lau mikro-hezegune hauek sortzeko ekimena burutuko dute. Meaka auzoan kokatua, Lasain-Gogortegi eremuak 9,5 hektarea ditu, eta Arburuko muinoaren azpian dago. 2022a arte onddoak jotako egurretarako pinu radiataren monolaborantzara bideratua zen. Hau kendu behar izan zuten. Eta Smurfit enpresak ustiatu zuen egurra papera egiteko udalak antolatutako enkantea irabazita. Eta matarrasa egin ondoren, natur parkearen barruan dagoen eremua birnaturalizatuko dute orain proiektu honi esker. Mikro-hezeguneekin batera, birlandaketak egingo baitituzte.