Abotsanitz udal taldeak proposatuta udalbatzak 2015ean onartu bazuen ere, “8 urtez tiradera batean gordeta” egon den proiektua berreskuratzea erabaki du udal gobernuak. Eta Portuko Agintaritzak eraikina lagatzeko bide administratiboari ekin dio orain.
1881. urtean eraiki, bere 21 metroko altuerarekin euskal itsasargirik garaiena da. Amuitz parez-pare duela, eta Talaia bidearen abiapuntu, balio “historiko eta sinboliko” handia duen eraikina berreskuratu nahi du Hondarribiko Udalak. Duela gutxi, Igor Enparan alkateak eta Ortzi Alonso Kulturako zinegotziak lan-bilera bat egin dute Pasaiako Portu Agintaritzako arduradunekin, Joakin Telleria presidentearekin, David Candelario zuzendariarekin eta Malen Elorza Pasaiako Portuko Azpiegitura eta Ustiapen Arloko buruarekin.
Ortzi Alonsok azaldu duenez, “Higer farolak bizitza izan dezan, eraikina emakida gisa udalari lagatu diezaioten, eta oraindik zehaztu gabe dagoen erabilera egin ahal izateko prozesua hasi dugu”. Bi erakundeen arteko sintonia ona azpimarratu dute udal ordezkariek. Nolanahi ere, prozesu luzea izango dela iragarri dute, eta ez dute data zehatzik eman. Baina eraikina zertara bideratzeko proiektu baten garapenean lan egingo du udalak hemendik aurrera.
Gogoan hartu behar da, 2015. urtean fatxadaren azaleko birgaitze lan batzuk egin zirela, baita itsasargiko dorrera daramaten eskailerak konpondu ere. Baina orohar, itsasargiaren mantendu lan-teknikoetatik haratago, mende eta erdi duen eraikina bera abandono egoeran aurkitzen dela aspaldidanik, inolako erabilera ezagunik gabe.