Hendaiako tren geltokiak duen joan-etorrien asalduraren aurrean, zalaparta handirik egin gabe bi urte bete ditu Borderline Fabrikak kulturaren arnasgune bat eraikitzen. Geltoki auzoa biziberritu eta ohiko kultur agenda eta ikastaroekin batera, aurten ‘Euskomedi Kluba’ sortu nahi dute.
Aurten ez du erronka makala Bordeline Fabrikak. Arte eszenikoak ikasi edo jorratzeko eskaintza ez da eskualdean oso zabala. Eta horren kari, ikastaroak eskainiko dituzte haur eta gazteendako: dantza garaikidea, antzerkia, zirkoa eta arte plastikoetan. Eta kultur agendari dagokionez, aparteko hitzorduez gain, ostiralero, kontzertu, topaketa, antzezlan edo mahainguru bat proposatuko dute. Udazkena abiatzeko ere, 5. Harria Festibala ospatuko dute urriaren 12tik 14ra.
Baina aurtengo erronken artean, Borderline Fabrika euskarazko bakarrizketa eszena bilakatzekoa dute ere. ‘Euskomedi Kluba’ abian jarri nahi dute Hendaiako tren geltokian duten egoitzan. Euskarazko bakarrizketa eszena sortzeko asmotan, Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Maryse Urruty eta Antton Telleriarekin harremanetan dira, abenduaren 1ean lehen bakarrizketa saio baten antolatzeko. “Izen handiak behar dira lehenik jendea erakartzeko”, dio Borderlineko kide Inko Manterolak, “baina euskal aktore ezagunekin batera, bakarrizketaren munduan hasi nahi dutenentzako espazio bat sortu nahi dugu, horrelakorik ez dagoelako”. Aste honetan Euskal Elkargoaren dirulaguntza bat onartzearen zain dira proiektua finkatzeko. Baina erronka trenkatua dute.