Hendaiako ezki zentenarioen itzalak iraun dezan kolektiboa eratu dute

Antxeta Irratia 2023ko ira. 26a, 00:00

Astear dagoen Hendaiako Garapen Iraunkorraren Astean “greenwashing” egitea leporatu diote herriko etxeari. Errepublika plazako ezkiak salbatzeko hiritar kolektiboa eratu dute zenbait eragilek, change.org plataforman 2.000 sinadura bildu dituztelarik.

Joan den otsailan mobilizatu ziren lehen aldiz, ACE eta CADE talde ekologistak, Harrixabaleta auzo elkartea, Hendaia Biltzen udal talde politikoa eta Irungo Artiako Lagunak elkartea. Hain justu, GNSA Zuhaitzen Defentsarako Frantziako Erakundeko ordezkaria Kotte Ecenarro auzapezarekin bildu behar zelarik zuhaitz hauen egoera aztergai. Azterketa fitosanitarioak eginik, 22 ezkietatik hiru gazteenak Dongoxeniara lekuz aldatzea deliberatu zuen udalak. Baina gainerakoak, ehun urte baino gehiago dituztela, erauzi edo moztuko ditu herriko etxeak plazaren arraberritze obrak oztopatzen dituztelako. Hauek urrian kentzea aurreikusten dute.

Maryvone Gervaise, ACE elkarteko kideak dio herriko etxea green washing edo itxurakeria egiten duela, eta ez duela aintzat hartzen herritarren osasunaren zaindari direla zuhaitz hauek. Hortaz, 1968an plazako kioskoa kendu eta plazaren arraberritze integrala egin zenekoan bezala, zuhaitzak errespetatuz obra egin dezatela eskatzen dute. Are gehiago jakinik, Ville de Demaine edo Biharko Hiriak ekimenarekin bat egin duen herriko etxea dela.

Kanikula edo bero alerta egoerak bizi izan dugun uda honen ondotik, zuhaitzek hiriguneetan eskaintzen duten itzala eta freskotasuna aldarrikatzeaz gain, plaza horren historiaren parte dira ehun urteko zuhaitz horiek. Kolektibotik oroitarazi dute zuhaitzak ez direla “jarri eta kendu ahal diren hiri-altzariak”, eta herriko etxeari zuhaitzen erauzketa birpentsatu dezala eskatu diote.

Informazio eskaxa

Zentzu honetan, egindako azterketa fitosanitarioen inguruko informazio argirik eman ez izana leporatu dio Hendaia Biltzen talde abertzaleak. Eta urteotan guztietan, zuhaitzak “torturaraino kimatu” eta “pixkanaka ito” egin dituztela salatu du kolektiboarekin bat egin duen Irungo Artiako Lagunak taldeak. Eragile honek Irunen lan eskerga handia egin du urteotan hiriguneko zuhaitzak salbatzeko, baina “urbanismoaren izenean porlana zuhaitzei inposatzen” zaiola deritzo Alazne Izulainek.

Kolektiboak joan den otsailan abiatutako mobilizazioen ondotik, change.org plataforman 2.000 sinadura bildu ditu dagoeneko. Eta mobilizatzera joko du datozen egunetan. 

Erlazionatuak