Puntu beltzak identifikatu eta behingoz argitzeko HONDargia proiektua abian jarri du Emekik

Antxeta Irratia 2023ko ira. 22a, 00:00

Hondarribian herritarren segurtasuna eta bereziki emakumeena arriskuan jarri edota beldurra sorrarazten duten guneak identifikatzeko herritar ororen partehartzea eskatu dute. www.hondargia.com atarian iradokizunak egin daitezke urriaren 25a arte.

 

Emeki Emakume Elkartearen ekimenez eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruzlagunduta, Hondarribiko puntu beltzen mapa osatu edo eguneratzeko ‘HONDargia, Hondarribiko bazterrak argituz, denok seguru senti gaitezen’ proiektuari ekin diote.

 

Herritar guztien segurtasuna eta bereziki emakumeena arriskuan jar dezaketen herriko zonaldeak identifikatuko dituzte. Eta Hondarribiko Udalaren konpromisoa lortu dute, ondoren ekintza plan bat martxan jartzeko. Izan ere, ez da aurreneko aldia halako saiakera bat egiten dutela. 2012an iada halako ekimen bat bultzatu zuen Emeki elkarteak, Murgibe elkartearen eskutik, herriko emakumeekin batera 30 puntu beltz zerrendatuz. Baina 11 urte geroago, ez da apenas neurririk hartu. Herria handitu egin denez, eguneratu beharra dagoela dio Tamara Sastrek, Emeki elkarteko presidentak.

 

Oraingo honetan, aldiz, ahal bezain bat herritar mobilizatu nahi dituzte. 17.000 hondarribitarren begiek eta esperientziak diagnostikoa aberastu dezakeela kontuan hartuta, parte hartzea “funtsezkoa” dela azpimarratu dute, ekimena dinamizatuko duten Equala Iniciativas eta La Crafetera enpresetako teknikari diren Leire Martinez eta Diana Arboniesek. www.hondargia.com webgunea sortu dute horretarako, eta urriaren 25a arte galdetegia bete daiteke.

 

Ekarpenak egiteko epea martxan da. Eta ondoren, udalaren laguntzarekin herriko ikastetxeen lankidetza bilatuko dute. Izan ere, puntu beltz horietako batzuk argitzeko, eskuhartze artistikoak proposatu nahi dizkiete eskolartekoei. Haien partehartzea bultzatu eta hirigintzan genero ikuspegiari buruz sentsibilizatzeko.

 

Ikasturte berria

 

Erronka garrantzitsu hontaz gain, Emeki elkarteak jardueraz beteriko hilabetea du urrian ikasturte berriarekin batera. Emakumeen ahalduntzeko ohiko tailerren eskaintzarekin batera, Ane Bayorekin korri egiteko taldeak ere martxan jarri dira dagoeneko. Eta urrian bost hitzaldi, tailer eta topaketa berezi antolatu dituzte. Haien berri eman digute elkarteko ordezkariek ondoko elkarrizketan.