«Mugikortasunean trantsizioa egiteko agintariek egin behar dena jakin badakite, baina balentria behar da» 

Antxeta Irratia 2023ko ira. 22a, 00:00

Irungo erdigunea ‘Isuri Apaleko Eremu’ behar zuen 2023ko urtarrilaz geroztik. Atzerapenez, baina atzerabueltarik gabeko “aldaketa traumatikoa” izango da Oier Martinez Violet adituaren ustez. Berekin hitz egin dugu, 2020ean erdigunea eraldatzeko berak aurkeztutako proiektuaren ildo nagusiak aintzat hartu dituztela kontuan hartuta.

Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna dela eta, Irungo Udalak etorkizun hurbilean indarrean ezarri beharko duen ‘Isuri Apaleko Eremua’ren saiakera egin du gaur Colon pasealekuan trafikoa itxiz. Goizeko 10:00etatik 19:00etara erdiko erraila bidegorri bilakatu dute, eta alboko biak garraio publikoarentzat joan-etorrikoan.

Irungo 2020-2025 Mugikortasun Jasangarrirako Planak (PMUS) aurreikusten duen neurria bada ere, Europako zuzentarauak jarraitzen dituen Espainiako Gobernuak onartutako Klima Aldaketaren Kontrako Legeak behartuta egin beharra zuen hau, iada 2023ko urtarrilerako. Hego Euskal Herriko Iruñea, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Barakaldo eta Getxon bezala. Hiri hauek guztiak 50.000 biztanle baino gehiagokoak izanik, 10 hilabeteko atzerapena daramate denek hasiera batean ‘Zero Isuri Eremua’ behar zuena, eta orain ‘Isuri Apaleko Eremu’ izendatutakoa aplikatzen.

Irungo Udalaren kasuan, oinezkoentzako espazioak irabazteko hainbat hirigintza proiektu egin dituzte azken urteotan, datorrena prestatzeko. Baina Colon pasealekuaren kasuan, Mugikortasun Mahaian eragileekin partekatutako proiektua ez dute oraindik gauzatu.

Proiektu horretan, Oier Martinez Violet, Mikel Ormazabal eta Alba Molas adituek proposamen bat luzatu zioten udalari. Ekarpena herritar gisa egin zuten, “dohainik”, baina Mugikortasun Jasangarrian adituak dira. Udal talde politiko guztiekin partekatu zuten, eta hainbat neurri bereak egin ditu gero udalak. Izan ere, 2024 hastapenerako udalak martxan jarriko duten Elitxu-Mendibil L5 autobus linea martxan jartzea proposatu zuten, L1 linea luzatzearekin batera. Aldiz, Colon pasealekuaren egituraketa erdiko errailan bidegorria ezarrita proposatzearekin batera, Nafarroa hiribidean ere aurreikusten zuen euren proiektua. “Ez goitik behera, baina bai protzentai handi batean, mugikortasuna eraldatuko luke”, dio Oier Martinez Violetek. Injeniaria eta Hiri Mugikortasunean aditua, Bartzelonan Katalunyako Goi Mailako Diseinu Eskolan irakaslea da mugikortasun gaietan.

Ostiral arratsalde honetan, (18:00etan) "Hiria: kutsadura, haurrak, natura eta mugikortasun jasangarria" hitzaldia emango du Palmera Monteron. Aurretik, bere hausnarketa plazaratu du Goizeko Kafea irratsaioan gonbidaturik. Bere ustetan, “agintariek egin behar dena jakin badakite, baina balentria behar da”. Izan ere, hirigintza lanetarako aurrekontua beharko bada ere, udalak laguntzak ere eskatu ditu trantsizioa burutzeko. Baina mugikortasun gaietan “aurreikuspen eta borondate falta” ikusten du agintarien partetik, trantsizio ekologikoaren pedalari eragiteko.