Euskara ehuntzen jarraitzeko, Hendaiako Mintzalaguna ekimenean izena emateko kanpainaren idekitzea Enbata gaztetxean ospatuko dute ostiralean, irailak 22an (18:30). Hondarribian ere, martxan dute ikasturte berria, iaz 14 mintzapraktika talde osatu ondotik.
Euskaltzaleen Topaguneak ikasturte berrian noiznahi, nonahi mintzapoza praktikatzeko gonbidapena luzatzen die euskaltzaleei. Mintzalagunak lagunartean, modu eraginkorrean eta giro ezinhobean euskara saretzeko esperientzia anitzak eskaintzen ditu duela 30 urtetik. Ikasturte berria hastearekin batera, etengabe ehuntzen doan sarearen partaide berriak mintzapraktikan murgilduko dira. Izan ere, zabalik dago aurten Mintzalagun egitasmoetan izena emateko deialdia, komunitatearekin bat egiteko aukera.
Aurtengo ekimenaren inguruan hitzegiteko, eskualdeko esperientzia eta erronka desberdinak komunean jarri ditugu, Hendaia, Hondarribia eta Ipar Euskal Herriko Mintzalagun egitasmoaren eramaileekin. Hendaiako Mintzalaguna ekimenean izena emateko kanpainaren idekitzea Enbata gaztetxean ospatuko dute ostiralean, irailak 22an. 18:30ean triki-pintxo-poteoa antolatu dute, eta sari zozketa bat 22:30etan. Bertatik pasa ezin daitekeenak internet bidez ahalko du mintzaian@mintzaian.eus idatzita. Hondarribian, aldiz, mintzalaguna.hondarribia@gmail.com.