Hondarribiko alardearen auzian konponbidea babesteko prest azaldu da Eider Mendoza

Antxeta Irratia 2023ko ira. 21a, 00:00

EH Bilduk Eider Mendoza diputatu nagusia interpelatu zuen atzo Gipuzkoako Batzarretan. Jaizkibel konpainiari ez ezik, alarde baztertzaileari harrera egiten dion aurreneko ahaldun nagusia dela oroitarazi diote, eta biei harrera egitea ez dela “jarrera neutroa”.

Jaizkibel konpainiari hilaren 8an harrera instituzionala egin izana txalotu badu ere, kritika ere egin zion EH Bilduk atzo Eider Mendozari. Hondarribiko EH Bilduko bozeramale eta Gipuzkoako batzarkideak, Garoa Lekuonak hartu zuen hitza. Jaietan emakume-gizonen parte hartzeko eskubidea administrazioak bermatu beharra duela oroitarazi zion ahaldun nagusiari. Eta beraz, “gipuzkoarrek ez zuten ulertuko diputatu nagusi emakume batek Jaizkibel konpainiari bizkarra ematea”. Halere, Berdintasun Legea hor badago ere, araudia betetzeko borondate politikorik ez dagoela ikusirik, ausardia galdegin dio ahaldun nagusiari. Izan ere, Lekuonak azpimarratu duenez, “Hondarribian emakume bat ahaldun nagusi izan daiteke, baina txilibitua jo ez”.

Halere, aurten lehen aldiz alkateak egin bezala, EAJk ere urte askotan izandako jarrerarekin hautsi izana baikorki baloratu du EH Bilduk. Baina bi alardeei harrera egitea ez dela jarrera neutrala oroitarazi dio Eider Mendozari. “Feminismoaren alde bazaude, eta emakumeen eskubideen alde, Arartekoak egin zuen bezala, Jaizkibel konpainiari harrera egin eta gero gauza bakarra egin behar zenuen. Alde”, gaineratu du Lekuonak.

Eider Mendozak bere partetik, autokritika egin du. Aitortu baitu 26 urteotan ez dela bere alderdiak gobernatu duen Hondarribiko Udaletik aurten Abotsanitzek egindako ahaleginik eman. Baina konponbiderako bidean urratsak eman direnez, hura babestu beharra zuela.