Usategietako bestaren X. edizioa ospatuko dute aurten Lizarietako lepoan. Horretarako, egitarau oparoa antolatu dute Sarako eta Etxalarko usazaleek, ohiko ekitaldiekin, baita berritasun batzuekin ere.
Jasone Mitxeltorena Etxalarko usazalea da, baita Usategietako bestetako antolaketa taldearen kidea ere. Lizarietako lepoan ospatzen den besta honek hamar urte beteko ditu aurten eta horretarako, ohi bezala, egitarau betea prestatu dute, adin guzietarako egokia. Urteroko ekitaldiez gain, berritasunak ere badituzte, hala nola, umeek usoak ehizatzeko erabiltzen dituzten makilak botatzeko aukera izanen dutela.
Goizeko 10:00etan hasiko dira ekitaldiak Lizarietako kaskoan. Bertako ekoizleen merkatua, usazaleen makila-egite erakustaldi partehartzailea eta haurrendako puzgarriak izanen dira, 13:00ak bitarte. Tartean, 10:30ean, botaluze pilota partida ere ospatuko da eta 11:30ean berriz, usategietako makila botatzeko Munduko VIII. Txapelketa eginen da. Honen ondotik, ikusle guztiek, haur eta helduek, izanen dute makila nola botatzen den probatzeko aukera. Azkenik, 12:30ean, Sara eta Etxalarren arteko hitzarmenaren berrestea sinatuko dute eta bazkari batekin borobilduko dute eguna. Aretxe haragia probatzeko txartelak han bertan erosi ahal izanen dira, 33 euroen truke. Bazkalondoan, Modestok alaituko du arratsaldea bere musikarekin.