Irungo AEK euskaltegiak proposatzen dituen norbere maila eta helburuen araberako 7 ikastaroetan izen-emateko epea zabalik izango du irailaren 22a arte.
Beñat Alzaga, Irungo AEK euskaltegiko koordinatzailea izan dugu Iparrorratza saioan gonbidatu. Ikasturte berria ilusioaz abiatzen dute aurten, alfabetatze eta euskalduntze prozesuan ahaleginetan beti, 7 ikastaro mota proposatuz. Bestalde, iaz Larreaundi auzo elkartearekin lankidetzan abiatutako auzoetako ikastaroen eskaintza atxiki eta zabaltzeko nahia adierazi du Alzagak. “Euskaltegia hor dago behar duenarentzat beti, baina proposamen berrietara irekiak gaude, eta auzo elkarteren batek haiengana joan eta euskara ikasteko interesa duten auzokideak bilduz gero, prest gaude formula berriak eskaintzeko”, dio.
Euskararen erabilerak urteotan izan duen apaltze nabarmenari dagokionez, kezkaturik azaltzen da Irungo AEKko zuzendariak. Horregatik, AEKn euskara praktikoa egiten saiatzen direla oroitarazi du, baina agintarien partetik ere, hizkuntza politiketan “borondatea eta inbertsioa ez ezik, gogoeta kritikoa” egitea beharrezkoa dela adierazi du.
Nolanahi ere, ikasturte berezia izango da aurtengoa. Korrika urtea baita. Eta aurrekoan Donostian amaitu zenez “aurten Gipuzkoatik abiatuko” dela segur da. Lan handia eskatzen die AEKko kide eta laguntzaile guztiei, baina gogo handiz prestatu eta herritarrekin partekatu nahi dutela argitu du.