Keinuen urtean Alardearen 26 urteko korapiloa askatzeko aukera leihoa zabaldu delakoan dira agintariak

Antxeta Irratia 2023ko ira. 8a, 00:00

Hondarribiko Kale Nagusian inoiz ikusitako babes handienarekin, herritarrengandik ez ezik, agintarien partetik ere, alarde parekide baten aldeko keinuekin ospatu dute Hondarribiko egunik handiena.

1.300 kide bildu ditu aurten Jaizkibel konpainiak aurten. Eta gazte gutxi batzuk bizkarra eman badute ere, txalo artean egin dute ibilbidea, aurten lehendabiziko aldiz Gernikako Arbolatik desfilatzen hasteko baimenarekin. Izan ere, herritarren babesa urtetik-urtera handiagoa izanik, agintarien borondatea izan da 26 urteotako gatazkan eskax izan dena. Haatik, Abotsanitz udal gobernura iritsi eta bi hilabeteotan, mende laurdenean eman ez diren keinuak posible egin ditu udal gobernu berriak. Elizaren eskileretan, herriko EAJko zinegotziak izan ezik, Igor Enparan alkateak eta udal korporazioak, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Emakundek eta Arartekoak Jaizkibel konpainiari harrera egin baitiote historian lehen aldiz.

Keinu gehiago izan dira, askorentzat oharkabean pasatu direnak. Alkateak alardeko burgomaisuari eman ohi dion herriko aginte makila alkateak atxiki baitu aurten. Alarde publiko eta parekide baten testuinguruan “herria adixkidetzea lortu eta baldintzak emango direnerako” utziko duela aitortu du Igor Enparanek.

Keinuen urtea izanik, alkateak ez du elizaren ordezkariekin Sainduarako bidea egin. Eta Jaizkibel konpainiari harrera egin bezala, alarde baztertzaileari ere egin dio. Jaizkibel konpainiako kapitaina Nora Ferreira eta Ane Garcia kideak hori nabarmendu dute, balorazio baikorra egitearekin batera. Modu berean, “alarde baztertzaileari harrera egitea emakumeen eskubideen kontra egiten dutenen konplize” izatea leporatu diete EH Bilduko Maddalen Iriartek eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik. Baina aurten emandako urratsaren ondotik, elkarrizketaren bidez konpontzeko lan egiteko prest azaldu dira.

Harrera instituzional amankomunarekin bat egin dute Arartekoak eta Emakundek ere. Eta ez alarde baztertzaileari. Emakundeko zuzendari berriarentzat, aurreneko urtea zen Hondarribiko Alardean. “Herri zoragarri batean, ospakizun hunkigarria” nabarmendu du Miren Elgarrestak, eta bereziki “urrats historiko bat” eman delakoan dago. “Keinu bat da, beharbada urrats txiki bat, baina balioan jarri beharra dago alkateak bultzatu duen aldaketa, konponbidearen motorra bilaka daitekeelako, aukera leiho bat ireki dela uste dut, erakunde eta agintariok aprobetxatu behar duguna”, azpimarratu du Elgarrestak.

Bien bitartean, Hondarribiko EH Bilduko bi hautetsiek, udaletxea parean diren elizako eskilerengatik aldatu dute harreragunea aurten, iragarri zuten bezala “keinu historikoaren parte izateko” helburuarekin. Alarde Fundazioak desfile baztertzailea antolatzeko baimenik eskatu gabe egin duela oroitarazi du Garoa Lekuonak, fundazioaren izaera juridikoa bera auzitan delako. Era berean, Hondarribiko koalizio abertzaleko bozeramaleak ontzat eman ditu agintarien hainbat keinu, baina EAJko Hondarribiko zinegotzien ausentzia azpimarratu du. “Herriko hautetsi jeltzaleen ausentziak gaur azaltzen du gatazka 26 urtez luzatu izanaren zergatia”, dio Lekuonak. Hala eta guztiz ere, agintaldi honetan udalaren borondate eta konpromisoarekin konponbide bat adosteko itxaropentsu azaldu da, “aurten lurra lugitu baita herrian, eta batzuk milimetroka bada ere, denak mugitzen ari dira garai berrietara egokitzeko”, argitu du.

“HAU EZ AL DA GUZTIONA?” banderola zintzilikatu dute San Nikolas zubian Jaizkibel konpainiaren aldekoek alarde egun honetan. Inoiz baino partaide gehiago, eta txalo artean jaia behin ospatuta, kalean herritarrek aitortzen eta liseritzen hasiak duten aldaketa, agintarien borondatea bultza dezakeela agerian geratu da aurten. “Keinuek aldaketarako bidean urratsak emateko balio izango dutela sentitzen dut”, aitortu du alkateak. Igor Enparanek iragarri duenez, herria oraindik ere jaietan murgilduta dago egunotan. Baina eszenatoki berri horretan, jaiak behin amaituko direnean, “bide honek jarraipena izango du ziur”, dio. Izan ere, agintaldi honetan udal gobernu berriak markatu duen konponbidearen alde lan egiteko garaia iritsiko da jaien ondokoan, mahai baten bueltan.