Justizia soziala urrez jantzi dute Hondarribiko jaien abiatzean

Antxeta Irratia 2023ko ira. 8a, 00:00

Carol Atxukarro Gonzalezek hiriko urrezko intsignia jaso du irailaren 7an herritarren bozkari esker erabakitako aurreneko aldian. Bartzelonan bizi den zinema makilatzaile eta ileapaintzaile saritua, LGTBIQ+ ikur eredugarria bilakatu da Hondarribian.

Igor Enparan alkatearen arabera "justizia soziala" egiten du hiriko izendapen txit gorenaren sariak aurten. Herrian LGTBIQ+ kolektiboko ikur bilakatu den heinean, gaztetan herrian bizi izan zituen “etiketa eta sufrimendua” kontuan hartuta, herritar guztien izenean barkamenak eskatu nahi izan dizkio Carol Atxukarrori, eta sariarekin aitortza egin dio udalak. “Gu zure bizilagunak ginen, eta ekintzetan edo omisioz ez genizun behar zenuen bezala lagundu”, aitortu du Enparanek sari emate ekitaldian. Zentzu honetan, hondarribitarrek euren bozkarekin “desberdin sentitu, desberdin pentsatu eta desberdin maitatu” dezakeen herri baten aitortza ere egin dutela nabarmendu du alkateak.

Gaztetan herritik kanpora joan eta Bartzelonan zinema makilatzaile eta ileapaintzaile saritua da gaur egun Carol. "Los renglones torcidos de dios" filmagatik Gaudi Saria irabazi du berriki, eta Goya Sarietan nominatua izan da ere. Baina profesional mailan lortutakoak goraipatzeaz gain, arlo pertsonalean eredugarri izan dela azpimarratu du udalak. Carolek berak, sariagatik eskertua azaldu da ekitaldian. Baina "beti barne-barnean dudan Hondarribitik joan zen Ikerri" eskaini dio saria, "gaurko urrezko intsignia jasotzeko herrira Carolina etor dadin erakutsi duen kemena" gogoan.