Une historiko horren parte izan nahi dutela adierazi dute Garoa Lekuona Izeta eta Koldo Rodriguez Akarregi hautetsiek. Baina udal gobernuak luzatu dien alarde baztertzailearen harreran ere partehartzeko gonbidapenari uko egin diote, “jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako”.
EH Bilduk ordezkaritza politikoa izango du aurten ere, urtero-urtero bezala, Hondarribiko udaletxeko arkupeetan Jaizkibel konpainiari Emakundek eta Arartekoarekin batera egin ohi duten harreran. Koalizio abertzalearen herriko bi hautetsiek, aldiz, elizako eskileretan egingo diote harrera konpainia parekideari. Aurten harrera instituzional amankomuna antolatu nahi izan du Hondarribiko Udalak bertan, eta Igor Enparan Aranetak iragarri duen “aldaketarako keinuen urtean” alkateak eta udalkideek Jaizkibel konpainiari harrera egingo diote aurreneko aldiz historian. Konpainia parekideak berak eskatu dio alkateari ez diezaiola alarde baztertzaileari harrera egin, baina biak aintzat hartuko ditu udal gobernuak.
EH Bildu udal taldeak, aldiz, “koherentziaz jokatuz” une historiko horren parte izan nahi dutela argitu dute, konponbidearen aldeko urrats bat gehiago izan dadin. “26 urte hauetan argi izan dugulako zein den helburua, eta garai haietan egindako hautua indartua dakusagulako gaur egun”, azpimarratu du Garoa Lekuonak. Halere, gauza bat argitu nahi izan du. Ez diotela alarde baztertzaileari harrera egingo, udal gobernuak eskatu dien bezala. “Jarrera matxista baten konplize izatea dakarrelako”.
Horiek hala, Hondarribiko EAJ baizik ez da falta bere jarrera argitzeko. Hilaren 8an bi harrera gune izango dira, eta elizakoan harrera bikoitza egin, eta Jaizkibel konpainiari ere harrera egingo ote dioten argitzeko da oraino. Aldiz, Eider Mendoza diputatu nagusiak iragarri du dagoeneko Jaizkibel konpainiari harrera egingo diola. Aurreneko aldia da EAJ Gipuzkoan agintean dela, diputatu nagusiak Jaizkibeli harrera egiten diola. Izan ere, EH Bildu agintean zela Martin Garitanok eman zuen iada urrats hori. Baina esanguratsua da, nolanahi ere, Eider Mendozak emango duen pausua, denek iragarri duten “keinuen urtea” izaki.