Abuztuan egindako bi saioetan 140 lagun bildu eta gero, irailaren 29a arte pedagogia egiten jarraitzearekin batera, eta ekarpenak jasotzeko deia luzatu die herritarrei.
Estitxu Urtizberea, Hirigintza arloko udal ordezkariak nabarmendu duenez, “pedagogia egitea beharrezkoa zela, eta herriaren etorkizuna markatuko duen dokumentuak duen garrantziaz interesa dagoela baieztatu egin da”. Sentsibilitate, arlo eta adin desberdinetako pertsonek parte hartu dute antolatutako bi saioetan.
Zentzu honetan, 2023ko maiatzaren 11n (udal hauteskundeen atarian geundela) EAJ gobernuan zela, eta udalbatzan zuen gehiengo absolutoa baliatuz, oposizioaren kontrako iritziaren kontra aurrera atera zuen HAPOaren hasierako onarpena. Orain Abotsanitz agintean dela, “beharrezkoa ikusi dugu adostasun maila handiagoa bat, eta bereziki, herritarren partehartzean oinarri sendoak ezartzea”, argitu du Urtizbereak. Izan ere, datozen 20-25 urtetan herrian eraiki ahal izango diren etxebizitzak, mugikortasuna eta natur eremuen kudeaketaren norabideak markatuko dituen dokumentua da.
Aldi berean, Itsas Etxeko atzealdeko aretoan HAPOari buruzko erakusketa irailaren 29an luzatu egin dute, eta partaidetza saioak eta gero, erakusketan bertan teknikarien presentzia indartuko dute herritarren zalantzak argitzeko. Izan ere, irailaren 29a arte alegazioak egiteko aukera izango dute herritarrek oraindik.