Jaizkibel konpainiako kapitain berriak herritarren babesa handitzen doan heinean, orain arte eskax izan duten tokiko agintarien borondatean jarrera aldaketa nabarmendu du aurten. Keinu txikiak eman badira ere, “alarde parekide eta publikoa” lortzeko, eragile guztien arteko elkarrizketa eta pazientzia beharrezkoa ikusten du mahai baten bueltan.
Jaizkibel konpainiako kapitain berria, 30 urteko Nora Ferreira Cea izan dugu gaur Goizeko Kafean gonbidatu. Oihana Etxebarrietaren lekukoa hartzen du, konpainia parekidearen une garrantzitsu batean. Izan ere, 26 urtez alarde parekide eta publiko baten aldeko borrokan ibili ondotik, Hondarribian arlo desberdinetako herritarrek alardearen gatazkari aterabidea emateko proposamenak ugaritu dira. Guztion Alardea edota Saindua bezalako ekimenek, norbere ñabardurekin, baina “emakumeak alardean parte hartu behar dutela defendatzen duen heinean, ona da guretzat” aitortzen du Ferreirak.
Herria aldaketaren alde mugitzen hasia dela, Abotsanitz udal gobernura heltzearekin batera, konponbidearen agintaldia izan daitekeela dirudi. Eta aurten keinuen urtea izango dela iragarri du Igor Enparan alkateak. Jaizkibel konpainiako kapitainak ere aitortu du, “jarrera aldaketa” eman dela aurten udalarekin harremanetan. Eta itxaropentsu eta gogoz hartu du kargua Nora Ferreirak, hilaren 8ko biharamunetik aurrera, elkarrizketaren bidean sakontzeko prest. “Aldaketak espero ditugu, zain gaude, eta udalari eskatu genizkion keinu txiki guztiak ez dira posible izango aurten, baina pazientzia izango dugu, eta gustatuko litzaiguke urtean zehar lan egiteko mahai bat eratu ahal izatea, denen artean hitz egiteko”, argitu du Jaizkibel konpainiako kapitainak.
Hala eta guztiz ere, baikorki baloratzen ditu aurten emandako urratsak. “Guretzat oso garrantzitsua da goizean Gernikako Arbolatik desfilatzen abiatu ahal izatea, eta Guadalupen ere botoa egiterakoan udalkideekin batera gure lekua erreserbatua edukitzea”, azpimarratu du. Halere, gehiago espero dute: “Guk oso argi dugu alardea parekidea, publikoa eta bakarra behar duela”.
Zentzu honetan, aurten harrera instituzionalari buruz eman den eztabaidan jarrera tinkoa agertu du konpainia parekideak ere. Ararteko eta Emakundeko ordezkarieik udaletxeko arkupeetan harrera egin diezaiela. Eta udalak elizaren atarian harrera instituzional amankomuna egiteko erabaki duen heinean, “positibo ikusten dugu, baina eskatu genion alarde baztertzaileari harrerarik ez egitea, eta hori momentuz ez dute onartu”.