Egungo hizkuntza politiken eraginkortasun faltarekin eta euskararen erabilera eskaxarekin kezkaturik, Naziogintza Taldeak “PROPOSAMEN LINGUISTIKO BERRIA, PARADIGMA ALDAKETA” izeneko hitzaldia emango du asteazken honetan (irailak 6an) Irungo Palmera-Montero gunean.
Euskara sekulan ez bezala ikasten da eskoletan. Baina kaleko-erabilera hamildu egin da urteotan. Gure eskualdea dugu horren irudiko. Irunen herritarren %41 euskalduna izan arren, %8ak baizik ez du egunerokoan erabiltzen. Eta Hondarribian, ustez herri euskalduna, %24tik %16ra apaldu da erabilera azken kale-entzuketa inkestan.
Honen aurrean, gaur egun plantan emanak diren politika linguistikoak ez direla eraginkorrak egiaztatu delakoan dago Naziogintza Taldea. Eta beste eredu baten hausnarketa bete-betean, paradigma aldaketa baten beharra azalduko du Josu Alberok Irunen emango duen hitzaldian.
Naziogintza Taldea euskara eta euskal kultura bere jardueraren erdigunean kokatzen dituen independentziaren aldeko elkartea da. Eta euskal estatuaren aldeko argudioak gizarteratzea dute helburu, Euskal Herriak aurrera egin dezan, orain ez duen neurriko kontzientzia nazionala bultzatu nahian.