Hondarribian eraso matxista eta homofoboen aurka proaktiboak izango dira aurtengo jaietan

Antxeta Irratia 2023ko ira. 5a, 00:00

Erasoen aurka modu integralean lan egiteko prebentzio eta artatze neurriak indartu ditu Hondarribiko Udalak. Ohiko informazio puntu moreekin batera, aurten Artatze Zentroa aktibatuko dute gauerdiro Itsas Etxean.

Jaien lehendabiziko egunean Udalak elkarretaratzea deitu du Martxoak 8 plazan. Arratsaldeko 18:00etan herritarrei biltzeko deia egin die. Hasieran prebentzio deia egin nahi zuten, baina bart gauean emandako bi eraso sexisten ondorioz kondena kontzentrazioa izanen da. Pertsona guztiak jaiak modu librean bizitzeko eskubidea dugula, eta ez dugula eraso sexista edo homofoborik onartuko adieraziko dute.

Hari beretik, Udala ez da ekintza sinbolikoetara mugatuko. Aurten estreineko aldiz Artatze Zentro bat martxan jarriko baitute edozein eraso emango bada, biktimak lehenbailehen artatu eta erantzun ahal bezeain azkarra emateko. Itsas Etxean izango da egunero gauerditik aurrera. Gune hori hautatu dute “Bentako txosna eta kontzertu gunea eta San Pedro kaleko bestagunearen artean erreferentziala eta eskuragarriena delako”, azaldu du Iosu Peñak, Gizarte Kohesiorako zinegotziak. Hortaz gainera, 24 orduz profesionalek kudeatutako 688 718 797 telefonoa ere martxan izango da jaietan.

Bestalde, mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonekin ere pentsatu du udalak aurten. “Jaiak berdintasun osoz gozatu ahal izateko eskubidea bermatzeko, mugikortasun urria dutenentzako eremu egokituak izango dira jaietako hitzordu nagusietan”, iragarri du Peñak. Hala, kantineren aurkezpen egunean Gipuzkoa plazan, udalkideen aurreskuan, alarde egunean bertan eta kontzertuetan ere, gune bereziak ezarriko dituzte horretarako