Abuztuko asteburutan, batezbestean 175.000 auto iragan dira egunero Biriatuko pagalekutik, baina atzerritarrei Irunen autobidetik ateratzeko debekuak iazko egoerak ekidin ditu orohar. Halere, une puntualetan autobideko barrerak zabaltzeko beharra nabarmendu du Irungo Udalak.
Irungo Udalak balorazio baikorra egin du Itzulera Operazioaren eraginak arintzeko martxan jarritako dispositiboaz. Iaz Irungo errepide nagusietan eta hirigunean emandako kolapso egoera sahieseko neurriak galdegin ditu Jose Antonio Santano alkateak aurten. Eta Herrizaingo Sailarekin adostuta, autobidean eman ohi diren autolerroak irundarren egunerokoan ahalik eta gutxien eragiteko neurriak eraginkorrak izan direla ondorioztatu dute, azken hiru asteburuen bilana egiterakoan.
Uztaila 1,8 milioi autok Biriatuko pagalekua hegoalderuntz iragan zutela ikusirik, jakinaren gainean zeuden agintariak abuztuko Itzulera Operazioa konplikatua izango zela. Azken hiru asteburutan, batez bestean, 175.000 ibilgailuk trebeskatu dute Biriatuko pagalekua Iparralderako norantzan. Eta autolerro puntualak eman badira ere, autobidearen egoera ez du Irunen hainbesteko inpakturik eduki.
Aipatutako dispositiboaren baitan, Ertzaintzak Irungo autobidearen irteerak blokatu egin ditu 64 matrikuladunak izan ezik, gainerako atzerriko matrikula duten ibilgailu guztientzat. Eta gauza berbera egin du Irungo Udaltzaingoak erdigunerako sarbideetan, pasoko trafikoa desbideratuz. Izan ere, iaz gertatutakoaren ondotik ohartu dira, GPSak Biriatuko auto-lerroak sahiesteko autobideari aukera alternatiboak proposatzen dizkiela gidariei, eta horren ondorioz kolapsatu zen Irungo errepide sarea.
Cristina Laborda, Udaltzaingoaren udal ordezkaria eta alkateordea pozik azaldu da hartutako neurrien eraginkortasunarekin. Baina gehiago eskatzen du. Udalak hainbatetan aldarrikatu duen bezala, autolerro puntualak gertatzen direnean, Landetxako eta Biriatuko autobideetako pagalekuak dohainik zabaltzea eskatzen du, salbuespen gisa.