Urte berezia biziko du aurten Igor Enparan Araneta alkateak. Herriko aurreneko jaiak ditu alkatetzara heldu zenetik, eta alardearen gatazka “pertsonen artean konpondu beharreko” afera dela sinetsita, herritarren ordezkari den heinean “konponbidean eredugarri” jokatuko duela iragarri du.
Hauteskunde kanpainan iragarri zuen bezala, “helburua eta desioa” du 26 urtez luzatu den problematika sakonari aterabidea bilatzeko, baina epe motz honetan ezinezkoa izan da. “Egia da helburu bat jarri niola nire buruari, gustatuko litzaidake hilabete pare batean 26 urteko gatazka bati konponbidea ematea, baina ez da posible”, aitortu du. Baina lau urtetako helmuga horretan burubelarri lanean jarri direla dio, eta “eragile guztiekin elkarriketa aberatsak” izaten ari badira ere, “aurten aldaketa sakonik ez” du ikusten alardearen ikuspegitik. Halere, alardea herriko ondare inmateriala den heinean, “herritar guztiak batuko dituen eta komunitatea sortuko duen” alternatibarekin asmatzeko elkarrizketa bultzatu nahi du irailaren 8aren biharamunetik hasita.
Zentzu honetan, udalkideen partetik, keinuen urtea izango dela iragarri du. Abotsanitzeko hautetsi zenean bezala, alkate gisa ere, Jaizkibel konpainiari harrera eginez, konpainia parekideak galdegindako zenbait baimen emanez, eta udalak Jaizkibel konpainiaren jarduna normaltasunez egitaraua ofizialean barneratuz, besteak beste. Keinu hauek tentsioa baretzeko eta hizketalditarako aukerak sortzeko bidea zabalduko duelakoan dago.
Parte-hartzea eta prebentzio aktiboa
Bestalde, jaietako programazioari dagokionez, udal gobernuan direnetik, kultur agendan ezer gutxi aldatu edo hobetu ahal izan dutela aitortu du Enparanek. Baina indar bat egin nahi izan du udal gobernu berriak eraso homofobo eta matxistak prebenitzeko. Ohiko neurriak eta informazio puntu moreak indartzearekin batera, eman daitezkeen erasoen biktimentzako estrategia proaktiboa eramatea erabaki dute, artatze zentroa estreinatuko baitute Itsas Etxean aurreneko aldiz, eta ostalari, txosna, eragile feminista eta udal zerbitzuekin lankidetzan koordinazio taldea erne ibiliko da.
Era berean, mugikortasun urritua duten pertsonekin pentsatuz, jaietako hitzordu nagusietan eurentzako eremu egokituak ezarriko dituzte.
Nolanahi ere, aurrera begira dabil alkatea. Eta 2024ko jaien programazioaren antolaketan ere, parte-hartzea bultzatu nahi du. Ahal bezain parte-hartzailea izan dadin ere, elkarteen lankidetzarako federazio gisa lan egingo duen Jaietako Batzordea eratu nahi du udalak herriko elkarteekin. Aurten 32 eragilek antolatu dute hitzorduren bat jaietan.